2017(e)ko apirilakren 7(a), ostirala

"Landa eremua eta Baztan literaturak kontatua" liburuxka berria!

Metazirik Elurre Iriarte Bañezen liburuxka berria aurkeztu du.


Hona aurkezpenean errandakoen laburpena:

ELURRE IRIARTE BAÑEZ (EGILEA)

Liburuxka honen jatorria Eako poesia egunetan emandako solasaldia da. 2016koan “eta paisaia hitz egin zen” izan zen gaia Ean eta Baztango paisaiari buruz solasterat gonbidatu ninduten. Literaturan nolako Baztan eta nolako landa eremua agertzen diren agertzeko. Nolako paisaia sorrarazten digun literaturak, nolako iruditeria. Erran beharra dut paisaiaz ari naizelarik, ez naizela bakarrik naturaz ari. Paisaia jendeak osatzen du, kulturak, hizkuntzak, jarrerek, harremanek eta abar.
Baztan eta Landa eremuari buruz ari diren testuak bilatzen hasi nintzen diskurtsoa osatzeko eta hausnarketa plazaratzeko. Laguntza eskatu nuen horretarako, dudarik ez, eta lagunek emandakoarekin, nik bilatutakoarekin eta memorian nituenekin hautaketa bat egin nuen eta solasaldirako baliatu. 
Hasmentan landa eremuari buruz ari naiz eta gero Baztani buruz. Bietan poesia eta prosa baliatu ditut eta bietan berdin gertatzen da: poesian leku ederra dira landa eremuak eta prosan berriz ilunagoak. Holako iruditeria sortu dugu, ez bakarrik literaturari esker, baina honek badu bere eragina.
Hor ageri dira zenbait idazle eta beren poemak eta testu zatiak. Kontra erraten duten testuak ere izanen dira, baina guttienekoak seguraski.
Akitzeko eta bilaketaren ondotik nire hausnarketa ttikia ageri da: Baztan (eta landa eremua) ez direla hori bakarrik. Badu hortatik, ilunetik eta ederretik, baina badu gehiago ere. Hori adierazten akitu nuen solasaldia, nere Baztan agertuz. Eta nire Baztan hortan gauza gehiago ageri dira. Ageri dira mutildantzak, ageri da euskara, ageri da Aroztegia, hezkuntza …
Agertu nahi dudana da paisaia guk idatzen dugula, guk egiten dugula. Baztan euskaldun bat nahi badugu, guk egin behar dugu. Baztan feminista bat nahi badugu, guk idatziko dugu.
Akitzeko, erran beharra dut liburuxka osatzean esku desberdinak aritu direla: azala Xabi Ballarenak egin du, maketazioa Izaskun Gutierrezek eta zuzenketak Maitane Maritorenak.

Solasaldirako prestaketan berriz aise jende gehiagok parte hartu zuen, testuak igorriz edo liburuak irakurriz. Denak aipatzea luzexko.



METAZIRI

Metaziri talde argitaratzailea izen bereko aldizkariaren inguruan sortu zen, Baztango errealitatea ikuspegi kritikotik aztertzeko eta bailarako aldaketa sozial prozesuak laguntzeko. Eginkizun nagusia Metaziri aldizkariaren argitalpena izanagatik, inguruko sortzaileen liburuak argitaratu izan ditu eta azkeneko urteetan gogoeta liburuak ere bai. Tartean gaur gure artean dugun Elurre Iriarteren Kirika FM liburua. Halaber, orain pare bat urte Baztani buruzko ezagutza bulkatu eta jendarteratzeko “XXI. mendeko nekazaritza Baztanen” liburuxka argitaratu genuen, ezagutza herritarra sustatzeko eta gainerako herritarrekin elkarbanatzeko, nolabait, adimen kolektibo kritiko eta eraldatzailea eraikitzen laguntzeko. Gaur aurkezten dugun “landa eremua eta Baztan literaturak kontatua” eginahal horretan kokatzen dugu, liburuxka formatu irakurtzeko erraz batean, gure komunitatea ahalduntzeko ekarpen bezala.


LIBURUXKAREN SALMENTA TOKIAK:

Arizkun: Dolaetxea eta Lupe
Erratzu: Altxuko denda eta Zubi Punta
Elizondo: Axular
Oronoz: Oskorri
Iruñea: Karrikiri eta Katakrak
Donosti: Hontza

Liburuxka 3,5 euroan saltzen da.

metaziriekoizpenak@gmail.com


2016(e)ko irailakren 15(a), osteguna

Metaziri 20 karrikan!

Metaziri aldizkariaren hogeigarren alea denen eskura dago jada. Beti bezala Baztan ikuspegi kritiko eta eraldatzaile batetik aztertu eta herriko aldaketa prozesuak laguntzeko borondatearekin egina.



Hogeigarren ale honetan gai hauek aurkituko dituzu:

HERRI-LURREN BIDEA
Aitor Azkarate Tomassone. Aniz

MAITE ZAITUZTET ORAINDIK
Garbiñe Elizegi Narbarte. Lekaroz

BAZTANGO TURISMOAREN ERRONKAK
Irantzu Pastor Ordoki. Lesaka

BAZTANGO GARAPENEAN, NIK ZER?
Belen Aleman Irigarai. Lekaroz

HITZEN LAPURRAK
Maitane Maritorena Azkarate. Aniz

UDALEKO NEKAZARITZA ETA ELIKADURA POLITIKAZ
Joseba Otondo Bikondoa. Elizondo

“DENBORA IZOZTURIK DAKUSATEN ERLOJUAREN SEGUNDOAK”
Asier eta Oihana Otxandorena Dorregarai. Elizondo

BAZTANGO GAZTE ASANBLADA

ESKOLETAKO JANGELETAN ZER JAN HALAKO BAZTAN

Laura Andresena Zubigarai. Arizkun


***

Toki hauetan aurkituko duzu:

-Erratzuko Zubi Punta ostatuan eta Altxuko dendan.
-Arizkungo Dolaetxea ostatuan.
-Elizondoko Axular dendan.


2015(e)ko abenduakren 10(a), osteguna

“XXI. mendeko nekazaritza Baztanen” liburuxka kalean da


Baztango nekazaritza XXI. mendean zertan den argitzeko nahiarekin Hazitik hozie elkarteak Julen Arburua, Aitor Azkarte eta Ana Iriarte baztandar nekazari gazteekin mahai-ingurua antolatu zuen. Gogoeta horretan belaunaldi-aldaketaz, sektoreko lan-baldintzetaz, formazioaz, herri-lurretaz, nekazaritzako azpiegituretaz (hiltegia, kooperatiba...), kontsumitzaileen arduraz, bailarako gainerako sektore ekonomikoei buruzko harremanaz e.a. aritu ziren. Orduan errandakoek ondorio borobilak eskaini baino sektorea biziberritu eta indartzeko akuilu izan nahi zuten eta, modu horretan, liburuxka argitaratu da.
 Argitalpen hau Metaziri kolektibo editorialaren eta Hazitik hozie tokiko garapenerako elkarte herritarraren arteko elkarlanaren emaitza da. Bi taldeak, Baztango mugimendu herritarren parte dira. Liburuxka hau ekonomia herritar, solidario eta bertokiratua sortzeko bailaran abiatu den prozesu sozialaren baitan ulertu beharra dago.

GIZONEZKOEN SEXISMOA, MASKULINOTASUNA ETA ASKAPENA: BERDINTASUNERANTZ


Liburuaren aurkezpena eta solasaldia izan zen joan den ortziralean Arizkunenean. 25 lagun inguru hurbildu ziren Xabier Odriozola Ezeitza egilearen hitzaldia entzutera. Antropologoa eta irakaslea da eta azken urte hauetan berdintasunezko jendartea eraikitzeko beste maskulinitate eredu bat proposatu du. 

Hainbat artikulu idatzi ditu gai honen inguruan, gida liburu bat ere kaleratu du eta azken liburu honetan bere gogoetak bildu nahi izan ditu. Euskal Herrian sexismoa ezabatzeko eta jendarte justuago eta berdintsuago baten alde lan egiteko azken hamarkadetan antolatu diren gizon taldeen bizipen zuzenetatik ateratako ondorioak biltzen ditu liburuan. 

Patriarkatuaren menpean, heteroseximoaren munduan hazi eta hezitako gizon belaunaldi batzuei buruzko ideia andana ageri da liburu honetan, Euskal Herrian sexismoa eztabaidatzeko eta jendarte justuago eta berdintsuago baten alde lan egiteko azken hamarkadetan antolatu diren gizon taldeen bizipen zuzenetatik ateratako ondorioak. Gizonok gure artean sortzen dugun indarkeria eta, batez ere, emakumeekikoa murrizteko tresna eraginkorra izan nahi du liburuak. Nolanahi ere, ez da liburu itxia ala osoa, izan ere, gure pentsamendua gehiago sakondu eta garatu beharreko arlo andana bada oraindik, bai personal mailan zein talde mailan.



*arranbela blogean agertutako albistea da hau. 

2015(e)ko azaroakren 13(a), ostirala

Metaziri 19 karrikan da!

Metaziri aldizkariaren ale berria, hemeretzigarrena, gaurgero denen eskura dago. Beti bezala Baztan ikuspegi kritiko eta eraldatzaile batetik aztertu eta herriko aldaketa prozesuak laguntzeko borondatearekin egina.


Honetakoan testu hauek izanen dituzue:
 
-Sindikalgintzaren erronkak Baztanen, Koldo Saenz
-Baztan hezitzailea kerizu beretik eraikitzen ahal dugu, Nora Salbotx Alegria
-Euskal zerria. Galtzeko arriskuan dagoen arraza, Aritz Goñi Maia
-Nire aitaren erranetara, Hegoa Arrieta
-Aldaketa sozial eta politikoaren denboraz, Joseba Otondo Bikondoa
-Euskaldun paranoiko baten alfabeto eszentrikoa, anormala eta ez-osoa, Josu Delgado Rozas
-Konekta gaitezen amalurrari, Baztango lurrari, Mirentxu Laurnagarai Mihura
-Erle kontu (Aroztegiaz), Jakes Peruene
 
***
 
Aldizkaria toki hauetan salgai dago:
 
Arizkun: Dolaetxea
Erratzu: Altxuko denda eta Zubi punta
Elizondo: Axular lirubudenda

2015(e)ko martxoakren 31(a), asteartea

Xabier Odriozolari elkarrizketa Berrian


«Hire askapena nire askapena dun»

Antropologoa, psikoterapeuta eta irakaslea da Odriozola. Azken urteetan, berdintasunezko gizartea eraikitzeko beste maskulinitate eredu bat proposatu du. Ideia horiekin liburua kaleratu berri du.
2015-03-19 / Iker Tubia



Orain arteko maskulinotasun ereduak «negargarriak» izan direla uste du P. Xabier Odriozola Ezeitzak (Donostia, 1964), eta horiek deseraiki eta eraisteko beharra nabarmendu du. Bere gogoetak Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta askapena: berdintasunerantz liburuan bildu ditu.

Gizona ez da gizon sortzen, gizon egin egiten da?

Gizonezkoari menderatze jokabide bat eskatzen zaiok. Menderatu behar ditik emakumeak, umeak, beste gizon batzuk, baliabide guziak, planeta, eta bera jaun eta jabe izan. Hori duk gizonezkoen maskulinotasun eredu zaharra. Nola lortu bere gizatasunarekin lotuta dagoen gizaki bat zapaltzaile bihurtzea? Pasarazi behar duk zapalketa bizipen batetik, berak jakin dezan zapalketa zer den, eta hortik ikas dezan zapaltzaile rolak jokatzen. Hori ume batek jaiotzez ez zekarrek.

Zapaltzailea zanpaturik dago?

Zapalketaz baino, gizonezkoen baldintzapen prozesuaz hitz egitea nahiago diat. Lehenago baldintzatu behar dituk, gero beraiek emakumeak edo beste gizaki batzuk zapal ditzaten. Ni gizaki jaio banauk, nire gizatasunak ez dik ulertzen ez menderatzeaz, ez lehiatzeaz.

Emozioen kudeaketa eraldaketaren erdigunean paratu duzu.

Konturatu gaituk gure sentimenduak eta emozioak erakusten genituen bakoitzean zigortu egiten gintuztela. Saiatu zituan gizonezkook gure sentimenduen mundua alde batera uzten, beste gizaki bati min emateko. Horri deitzen zioat nik gizonezkoen baldintzapena. Denok bazekiagu hori gaizki dagoela, umeak ezin direla horrela hezi, baina denok nahi gabe egiten diagu, segitzen diagu curriculum ezkutu hori igortzen hurrengo belaunaldiei. Nik uste diat emozioak bizitzeko eta kudeatzeko gaitasuna berreskuratzen dugunean askatasuna gertuago egongo dela.

Bi askapen mugimendu ditugu gizarte feminista lortzeko?

Biok gaudek honetan: zuek sistema patriarkalak zapaltzen zaituzte, baina sistema horrek gu erabiltzen gaitin zuen zapalketaren zaintzaileak izateko. Guri ere sistema honek kalte egiten zigun. Pentsa dezagun agian bizi garen sistema hau dela elkarren aurka jartzen gaituena. Hire askapena, emakumezkoa baldin bahaiz, nire askapena dun. Nik ez ditiat ikusten elkarren aurka jarritako bi indar gisa, baizik eta metatu, bilatu eta elkartu daitezkeen bi mugimendu gisa.

Gizonek nola hartu dute?

Eredu tradizionalari jarraitu nahi diotenek ez ditek ondo hartzen. Gustura bizi ez direnek eskertzen ditek beste era bateko gizon izateko aukera izatea. Eta bada beste kolektibo bat ez mikatz ez berakatz: «Zuen buru janak dituk. Gu holaxe ondo bizi gaituk», esaten ditek.

Eta gainerako kolektiboek?

Emakume gehienek bizi izan ditek mehatxu bat bezala, eta oso ulergarria duk. Izan ere, guk maskulinotasuna zer den formulatu dugunerako urte asko pasatu behar izan ditek. Diskurtso hau gizartean ondo kokatzen jakin dugunean, batzuek ikusi ditek gure helburua bat datorrela beraien askapenarekin. Erdian dauden beste ez-genero sektoreetatik, batzuek uste ditek lagunduko duela binarismoa hausten, eta beste batzuek ez ditek argi ikusten.

Gizon taldeez gainera, oraindik ere badira gizonezkoen etxeak.

Mutikoa gizon patriarkala eta sexista egiteko garatu behar duen prozedura bermatzeko leku ziur maskulinoak dituk gizon etxeak. Gaur egun itxuraldatuta ditiagu: ehiza elkarteak, gastronomia elkarte batzuk, edo kirol batzuetako aldagelak. Maskulinotasun zapaltzailea bultzatzen ditek, eta helburua duk patriarkatuari iraunaraztea.

Batetik bestera jauzi egitea urruti dago oraindik?

Bai. Batetik, gizon askok ez ditek aldatu nahi. Abantailak ditizte, eta lasai eta eroso bizi dituk. Beste batzuk konturatu dituk onura material horiek ez dutela zoriontsu egiten, baina gutxienekoak dituk. Gizartea prest zegok aldatzeko? Ez diat uste, baina banakoak bai. Orduan, gure lana duk banakoak geroz eta gehiago elkartzea, eta, poliki-poliki, masa indartsu bat sortuz joatea, feminismoak egin zian bezala.

 

2015(e)ko martxoakren 23(a), astelehena

Metaziri 18 kalean da!


 
METAZIRI aldizkariaren 18. alea gaurgero kalean da!

Zenbaki honetan:

-Nekazaririk gabeko Baztan? Ana Iriarte.
-Jon Elizetxerekin elkarrizketa udal batzorde irekiei buruz eta parte hartzeari buruz.
-Aroztegia: Demokrazia jokoan. Joseba Otondo.
-Baztan, natura eta kultura bizia. Pello Iriarte.
-Lanbide prestakuntza Baztan-Bidasoa eskualdean. Mikel Iriarte.
-Karlos Beristainekin elkarrizketa Batzar Nagusiari eta Baztango erakundetzeari buruz.
-Katalunia erreferente (eta ez gara politikaz ari). Idoia Sobrino.
-Alkaterik hoberena erregea. Jakes Peruene.

 ***

Metaziri berria toki hauetan eskuratzen ahal duzu:

Arizkun: Dolaetxea ostatua.
Elizondo: Axular liburudenda eta Intza ostatua.
Erratzu: Zubi Punta ostatua eta Altxuko denda.
Irurita: Jauregiarte taberna kulturala.