Hona aurkezpenean errandakoen laburpena:
ELURRE IRIARTE BAÑEZ (EGILEA)
Liburuxka
honen jatorria Eako poesia egunetan emandako solasaldia da. 2016koan “eta
paisaia hitz egin zen” izan zen gaia Ean eta Baztango paisaiari buruz
solasterat gonbidatu ninduten. Literaturan nolako Baztan eta nolako landa
eremua agertzen diren agertzeko. Nolako paisaia sorrarazten digun literaturak,
nolako iruditeria. Erran beharra dut paisaiaz ari naizelarik, ez naizela
bakarrik naturaz ari. Paisaia jendeak osatzen du, kulturak, hizkuntzak,
jarrerek, harremanek eta abar.
Baztan
eta Landa eremuari buruz ari diren testuak bilatzen hasi nintzen diskurtsoa
osatzeko eta hausnarketa plazaratzeko. Laguntza eskatu nuen horretarako,
dudarik ez, eta lagunek emandakoarekin, nik bilatutakoarekin eta memorian
nituenekin hautaketa bat egin nuen eta solasaldirako baliatu.
Hasmentan
landa eremuari buruz ari naiz eta gero Baztani buruz. Bietan poesia eta prosa
baliatu ditut eta bietan berdin gertatzen da: poesian leku ederra dira landa
eremuak eta prosan berriz ilunagoak. Holako iruditeria sortu dugu, ez bakarrik
literaturari esker, baina honek badu bere eragina.
Hor
ageri dira zenbait idazle eta beren poemak eta testu zatiak. Kontra erraten
duten testuak ere izanen dira, baina guttienekoak seguraski.
Akitzeko
eta bilaketaren ondotik nire hausnarketa ttikia ageri da: Baztan (eta landa
eremua) ez direla hori bakarrik. Badu hortatik, ilunetik eta ederretik, baina
badu gehiago ere. Hori adierazten akitu nuen solasaldia, nere Baztan agertuz.
Eta nire Baztan hortan gauza gehiago ageri dira. Ageri dira mutildantzak, ageri
da euskara, ageri da Aroztegia, hezkuntza …
Agertu
nahi dudana da paisaia guk idatzen dugula, guk egiten dugula. Baztan euskaldun
bat nahi badugu, guk egin behar dugu. Baztan feminista bat nahi badugu, guk
idatziko dugu.
Akitzeko,
erran beharra dut liburuxka osatzean esku desberdinak aritu direla: azala Xabi
Ballarenak egin du, maketazioa Izaskun Gutierrezek eta zuzenketak Maitane
Maritorenak.
Solasaldirako
prestaketan berriz aise jende gehiagok parte hartu zuen, testuak igorriz edo
liburuak irakurriz. Denak aipatzea luzexko.
METAZIRI
Metaziri talde argitaratzailea
izen bereko aldizkariaren inguruan sortu zen, Baztango errealitatea ikuspegi
kritikotik aztertzeko eta bailarako aldaketa sozial prozesuak laguntzeko.
Eginkizun nagusia Metaziri aldizkariaren argitalpena izanagatik, inguruko
sortzaileen liburuak argitaratu izan ditu eta azkeneko urteetan gogoeta
liburuak ere bai. Tartean gaur gure artean dugun Elurre Iriarteren Kirika FM
liburua. Halaber, orain pare bat urte Baztani buruzko ezagutza bulkatu eta
jendarteratzeko “XXI. mendeko nekazaritza Baztanen” liburuxka argitaratu
genuen, ezagutza herritarra sustatzeko eta gainerako herritarrekin
elkarbanatzeko, nolabait, adimen kolektibo kritiko eta eraldatzailea eraikitzen
laguntzeko. Gaur aurkezten dugun “landa eremua eta Baztan literaturak kontatua”
eginahal horretan kokatzen dugu, liburuxka formatu irakurtzeko erraz batean,
gure komunitatea ahalduntzeko ekarpen bezala.
LIBURUXKAREN SALMENTA TOKIAK:
Arizkun:
Dolaetxea eta Lupe
Erratzu:
Altxuko denda eta Zubi Punta
Elizondo:
Axular
Oronoz:
Oskorri
Iruñea:
Karrikiri eta Katakrak
Donosti:
Hontza
Liburuxka
3,5 euroan saltzen da.
metaziriekoizpenak@gmail.com