2015(e)ko martxoaren 5(a), osteguna

Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta askapena: berdintasunerantz



Patriarkatuaren menpean, heteroseximoaren munduan hazi eta hezitako gizon belaunaldi batzuei buruzko ideia andana ageri da liburu honetan, Euskal Herrian sexismoa eztabaidatzeko eta jendarte justuago eta berdintsuago baten alde lan egiteko azken hamarkadetan antolatu diren gizon taldeen bizipen zuzenetatik ateratako ondorioak. Gizonok gure artean sortzen dugun indarkeria eta, batez ere, emakumeekikoa murrizteko tresna eraginkorra izan nahi du liburuak. Nolanahi ere, ez da liburu itxia ala osoa, izan ere, gure pentsamendua gehiago sakondu eta garatu beharreko arlo andana bada oraindik, bai personal mailan zein talde mailan.
 
AURKEZPENA
martxoaren 13an, ortzirala
arratsaldeko 7etan
Katakrak liburu denda (Iruñea)
 
***
 
“... baina nire ustez, hitz gutxi egin da da zapalketaren zergatiaz, hots, gizonezkook zergatik zapaltzen ditugu emakumezkoak? Jende gehienak ez du fenomeno honen sakoneko arrazoia ezagutzen eta ondorioz gizonezkoak berez zapaltzaileak direla uste ohi da. Ikuspegi honek ez digu itxaropen gehiegirik ekartzen sexismoa desagerrarazi nahi badugu; gizonezkoak berez sexistak baldin badira lan izugarria izanen genuke menperatze maskulinoa edo sexismoa bera bertan behera ekartzen...”
 
“... baina baditugu zantzu batzuk gizonezkoak ez direla sexistak jaiotzen sinesteko, baizik eta jaio egiten direla sexista den gizarte batean, hazi egiten dira hierarkikoa eta injustua den gizarte batetan, hezi egiten dira menderatzaileak izateko gizarteratuko dituen egitura sozial indartsu batean, erakunde sexista eta patriarkal batzuetan eta hauen hezkuntza eta politika sexistetan, sexismoak jotako sendiengan eta senideen artean...”
 
...beraz ez da zaila aurreikustea gizonak honetatik guztitik rol, jokabide eta praktika sexista guztiak ongi barneraturik aterako direla, emakumeak -eta gainerako gizakiak eta izakiak- menderatzeko, zapaltzeko prestaturik.
 
Baina, hau al da nahi duguna? Honela bizi nahi al dugu? Aldatu al daiteke? Gauzak beste era batera egin al daitezke? Bestelako gizarte mota eduki al dezakegu? Prest al gaude horretarako?
 
***
P. Xabier Odriozola Ezeitza-Arreta Donostian jaio zen 1964. urtean, sendi langile apal batean. Ikasketak hiri hartan burutu zituen eta irakasle izanik derrigorrezko soldaduska egitera joan behar izan zuen. Egitate horrek bere bizitza erabat markatuko zuen eta gizontasuna eta maskulinitateez gogoeta etengabea egitera eraman zuen. Geroztik maskulinismoaz eta gizonezkoekin zuzeneko esku-hartze lan luzea burutu du hiru hamarkadez.
Artikulu hainbat, gidaliburu bat – gizonezkoekin nola lan egin eta berdintasunarekiko gizonezkoen inpolikazioa nola bilatu- eta eskuartean duzun liburu hau argitaratu ditu, besteak beste. Gaur egun, elkarte, unibertsitate, erakunde zein gizarte kolektibo aunitzetarako lanean dihardu antropologo eta psikoterapeuta gisara, gaztetatik pasio bilakatu zitzaion gai beraren inguruan.
 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina