2015(e)ko martxoaren 31(a), asteartea

Xabier Odriozolari elkarrizketa Berrian


«Hire askapena nire askapena dun»

Antropologoa, psikoterapeuta eta irakaslea da Odriozola. Azken urteetan, berdintasunezko gizartea eraikitzeko beste maskulinitate eredu bat proposatu du. Ideia horiekin liburua kaleratu berri du.
2015-03-19 / Iker Tubia



Orain arteko maskulinotasun ereduak «negargarriak» izan direla uste du P. Xabier Odriozola Ezeitzak (Donostia, 1964), eta horiek deseraiki eta eraisteko beharra nabarmendu du. Bere gogoetak Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta askapena: berdintasunerantz liburuan bildu ditu.

Gizona ez da gizon sortzen, gizon egin egiten da?

Gizonezkoari menderatze jokabide bat eskatzen zaiok. Menderatu behar ditik emakumeak, umeak, beste gizon batzuk, baliabide guziak, planeta, eta bera jaun eta jabe izan. Hori duk gizonezkoen maskulinotasun eredu zaharra. Nola lortu bere gizatasunarekin lotuta dagoen gizaki bat zapaltzaile bihurtzea? Pasarazi behar duk zapalketa bizipen batetik, berak jakin dezan zapalketa zer den, eta hortik ikas dezan zapaltzaile rolak jokatzen. Hori ume batek jaiotzez ez zekarrek.

Zapaltzailea zanpaturik dago?

Zapalketaz baino, gizonezkoen baldintzapen prozesuaz hitz egitea nahiago diat. Lehenago baldintzatu behar dituk, gero beraiek emakumeak edo beste gizaki batzuk zapal ditzaten. Ni gizaki jaio banauk, nire gizatasunak ez dik ulertzen ez menderatzeaz, ez lehiatzeaz.

Emozioen kudeaketa eraldaketaren erdigunean paratu duzu.

Konturatu gaituk gure sentimenduak eta emozioak erakusten genituen bakoitzean zigortu egiten gintuztela. Saiatu zituan gizonezkook gure sentimenduen mundua alde batera uzten, beste gizaki bati min emateko. Horri deitzen zioat nik gizonezkoen baldintzapena. Denok bazekiagu hori gaizki dagoela, umeak ezin direla horrela hezi, baina denok nahi gabe egiten diagu, segitzen diagu curriculum ezkutu hori igortzen hurrengo belaunaldiei. Nik uste diat emozioak bizitzeko eta kudeatzeko gaitasuna berreskuratzen dugunean askatasuna gertuago egongo dela.

Bi askapen mugimendu ditugu gizarte feminista lortzeko?

Biok gaudek honetan: zuek sistema patriarkalak zapaltzen zaituzte, baina sistema horrek gu erabiltzen gaitin zuen zapalketaren zaintzaileak izateko. Guri ere sistema honek kalte egiten zigun. Pentsa dezagun agian bizi garen sistema hau dela elkarren aurka jartzen gaituena. Hire askapena, emakumezkoa baldin bahaiz, nire askapena dun. Nik ez ditiat ikusten elkarren aurka jarritako bi indar gisa, baizik eta metatu, bilatu eta elkartu daitezkeen bi mugimendu gisa.

Gizonek nola hartu dute?

Eredu tradizionalari jarraitu nahi diotenek ez ditek ondo hartzen. Gustura bizi ez direnek eskertzen ditek beste era bateko gizon izateko aukera izatea. Eta bada beste kolektibo bat ez mikatz ez berakatz: «Zuen buru janak dituk. Gu holaxe ondo bizi gaituk», esaten ditek.

Eta gainerako kolektiboek?

Emakume gehienek bizi izan ditek mehatxu bat bezala, eta oso ulergarria duk. Izan ere, guk maskulinotasuna zer den formulatu dugunerako urte asko pasatu behar izan ditek. Diskurtso hau gizartean ondo kokatzen jakin dugunean, batzuek ikusi ditek gure helburua bat datorrela beraien askapenarekin. Erdian dauden beste ez-genero sektoreetatik, batzuek uste ditek lagunduko duela binarismoa hausten, eta beste batzuek ez ditek argi ikusten.

Gizon taldeez gainera, oraindik ere badira gizonezkoen etxeak.

Mutikoa gizon patriarkala eta sexista egiteko garatu behar duen prozedura bermatzeko leku ziur maskulinoak dituk gizon etxeak. Gaur egun itxuraldatuta ditiagu: ehiza elkarteak, gastronomia elkarte batzuk, edo kirol batzuetako aldagelak. Maskulinotasun zapaltzailea bultzatzen ditek, eta helburua duk patriarkatuari iraunaraztea.

Batetik bestera jauzi egitea urruti dago oraindik?

Bai. Batetik, gizon askok ez ditek aldatu nahi. Abantailak ditizte, eta lasai eta eroso bizi dituk. Beste batzuk konturatu dituk onura material horiek ez dutela zoriontsu egiten, baina gutxienekoak dituk. Gizartea prest zegok aldatzeko? Ez diat uste, baina banakoak bai. Orduan, gure lana duk banakoak geroz eta gehiago elkartzea, eta, poliki-poliki, masa indartsu bat sortuz joatea, feminismoak egin zian bezala.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina