2017(e)ko apirilaren 7(a), ostirala

"Landa eremua eta Baztan literaturak kontatua" liburuxka berria!

Metazirik Elurre Iriarte Bañezen liburuxka berria aurkeztu du.


Hona aurkezpenean errandakoen laburpena:

ELURRE IRIARTE BAÑEZ (EGILEA)

Liburuxka honen jatorria Eako poesia egunetan emandako solasaldia da. 2016koan “eta paisaia hitz egin zen” izan zen gaia Ean eta Baztango paisaiari buruz solasterat gonbidatu ninduten. Literaturan nolako Baztan eta nolako landa eremua agertzen diren agertzeko. Nolako paisaia sorrarazten digun literaturak, nolako iruditeria. Erran beharra dut paisaiaz ari naizelarik, ez naizela bakarrik naturaz ari. Paisaia jendeak osatzen du, kulturak, hizkuntzak, jarrerek, harremanek eta abar.
Baztan eta Landa eremuari buruz ari diren testuak bilatzen hasi nintzen diskurtsoa osatzeko eta hausnarketa plazaratzeko. Laguntza eskatu nuen horretarako, dudarik ez, eta lagunek emandakoarekin, nik bilatutakoarekin eta memorian nituenekin hautaketa bat egin nuen eta solasaldirako baliatu. 
Hasmentan landa eremuari buruz ari naiz eta gero Baztani buruz. Bietan poesia eta prosa baliatu ditut eta bietan berdin gertatzen da: poesian leku ederra dira landa eremuak eta prosan berriz ilunagoak. Holako iruditeria sortu dugu, ez bakarrik literaturari esker, baina honek badu bere eragina.
Hor ageri dira zenbait idazle eta beren poemak eta testu zatiak. Kontra erraten duten testuak ere izanen dira, baina guttienekoak seguraski.
Akitzeko eta bilaketaren ondotik nire hausnarketa ttikia ageri da: Baztan (eta landa eremua) ez direla hori bakarrik. Badu hortatik, ilunetik eta ederretik, baina badu gehiago ere. Hori adierazten akitu nuen solasaldia, nere Baztan agertuz. Eta nire Baztan hortan gauza gehiago ageri dira. Ageri dira mutildantzak, ageri da euskara, ageri da Aroztegia, hezkuntza …
Agertu nahi dudana da paisaia guk idatzen dugula, guk egiten dugula. Baztan euskaldun bat nahi badugu, guk egin behar dugu. Baztan feminista bat nahi badugu, guk idatziko dugu.
Akitzeko, erran beharra dut liburuxka osatzean esku desberdinak aritu direla: azala Xabi Ballarenak egin du, maketazioa Izaskun Gutierrezek eta zuzenketak Maitane Maritorenak.

Solasaldirako prestaketan berriz aise jende gehiagok parte hartu zuen, testuak igorriz edo liburuak irakurriz. Denak aipatzea luzexko.



METAZIRI

Metaziri talde argitaratzailea izen bereko aldizkariaren inguruan sortu zen, Baztango errealitatea ikuspegi kritikotik aztertzeko eta bailarako aldaketa sozial prozesuak laguntzeko. Eginkizun nagusia Metaziri aldizkariaren argitalpena izanagatik, inguruko sortzaileen liburuak argitaratu izan ditu eta azkeneko urteetan gogoeta liburuak ere bai. Tartean gaur gure artean dugun Elurre Iriarteren Kirika FM liburua. Halaber, orain pare bat urte Baztani buruzko ezagutza bulkatu eta jendarteratzeko “XXI. mendeko nekazaritza Baztanen” liburuxka argitaratu genuen, ezagutza herritarra sustatzeko eta gainerako herritarrekin elkarbanatzeko, nolabait, adimen kolektibo kritiko eta eraldatzailea eraikitzen laguntzeko. Gaur aurkezten dugun “landa eremua eta Baztan literaturak kontatua” eginahal horretan kokatzen dugu, liburuxka formatu irakurtzeko erraz batean, gure komunitatea ahalduntzeko ekarpen bezala.


LIBURUXKAREN SALMENTA TOKIAK:

Arizkun: Dolaetxea eta Lupe
Erratzu: Altxuko denda eta Zubi Punta
Elizondo: Axular
Oronoz: Oskorri
Iruñea: Karrikiri eta Katakrak
Donosti: Hontza

Liburuxka 3,5 euroan saltzen da.

metaziriekoizpenak@gmail.com


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina