2013(e)ko abenduaren 14(a), larunbata

ELKARRIZKETA: GARBIÑE ELIZEGI, Baztango alkatea
(16. Metazirin argitaratutako elkarrizketa)

“gure borondatea ahalik eta parte hartze gehien izatea”

Eraldaketa sozialaren bidean herritarren boteretzeak eta parte hartzeak garrantzi handia du. Horregatik, Metazirin Baztango erakundetzearen inguruan etengabeko gogoeta abiatu genuen. Orain artio gure arreta herrietako Batzarretan eta Batzar Nagusian pausatu dugu; haatik, oraingoan, udaletxean izandako aldaketarengatik udalean pausatu dugu. Garbiñe Elizegi alkatearekin udala, boterea eta parte hartzeari buruz aritu gara. Garbiñe alkatea izateaz gain herri mugimenduan urteetan aritu da lurraren defentsako taldeetan eta mugimendu feministan. Esperientzia guzti hori baliatuz berarekin solastatu gara.

 
Udala administrazio eta botere gunea da,  agintari eta agindupeko eskeman eraikia. Halaber, herritarren egunerokotasuneko hainbat kontu eta Bailarako erabaki estratejikoak osoko bilkurako hamahiru zinegotzien eskuetan daude. Egitura horretan goitiko aldean alkatea dago…
Bai, egitura arras bertikala da. Alkateak alimaleko boterea du eta alkateak ez duen tokian udaleko osoko bilkurak du. Erabaki guztiak hartzeko ahalmena alkateak eta osoko bilkurak dute. Horrela dago antolatua, gu gure aldetik ardurak eta boterea banatzen saiatzen gara, baina sistema horrela antolatua dagoenez, horretarako mugak daude, gainera guttiengoan egonik, nahiz eta ardura eta boterea banatu nahi izan, gerta daiteke gainerako alderdiek halakorik ez onartzea. Adibidez, erran dezakezu udal gisa erabaki bat hartzeko prozesu parte hartzailea egin nahi duzula, herritarren erabakia izan dadin, baina borondatea hori izanagatik guttiengoan egoterakoan bertzeek apustu hori trabatu dezakete; beraz, ez dago inondik ere bermatua. Lege aldetik horrela antolatua dago.



Eta udaletxetik begiratuta, udala ikusten duzu herriko zati gisa, herritarren tresna gisa edo herritarrengandik bereizirik dagoen botere egitura moduan?
Herritarren tresna moduan ikusten dut, hori izan beharko litzateke; herritarren nahiak eta helburuak lortzeko tresna. Gauza da orain artio ez dela horrela izan eta alde horretatik lanketa egin behar dela. Azken finean kultura aldaketa da. Zeren alderantziz izatera ohituratu baikara , horregatik jendeak, nahiz eta aukera eman ez du sinisten egiazki bere aukera edo iritzia izaten ahal denik. Orduan, jendeak ikusten badu udala tresna bat izan daitekeela erabiliko du eta, kultura aldaketa hori ere ahalbidetzen ariko gara. Baina ikusten badu parte hartuta ere bere iritzia ez dela kontuan hartzen logikoena jendeak ez parte hartzea eta erakundeetan ez sinistea da.

 

Modu berean, bailarako berezko erakundeak, teorikoki herritarren parte hartze zuzenean oinarrituriko  herrietako batzarrak eta Batzar Nagusia gainbehera etorririk eta eskumenez husturik daude…
Bai, teorikoki bederen arras modu parte hartzailean antolaturik daude, nahiz eta ñabardurekin zeren garai batean etxeetako nagusiek soilik parte hartzen zuten. Gaur egun edonork parte hartzen ahal du, etxejabea izan edo ez. Afera da azkeneko urteetan indarra kendu zaiela eta, horrek, jendeak antolamendu hauetan ez sinistea ekarri du. Pittanaka horri buelta eman behar zaio eta antolamendu horiek erabili.

 

Betiere, herriak batzarre bidez gobernatzeko, suposatzen da lehenagoko jendarte horiek nahiko homogeneoak zirela. Gaur egun, klase jendartean, desberdintasun sozialak handiak izanik, elkarren artean guztiz kontrakoak diren interesekin, posible da Batzarreen bidez  herri bat kudeatu ahal izatea?
Uste dut gure herriak ez direla horren handiak eta posiblea dela Batzarreen bidez kudeatzea. Herrigune handiagoetan akaso desberdina izan daiteke, horietan auzoka-edo egin beharko liratezke batzarrak. Baina gehiengo soziala klase batekoa baldin bada, logikoena da erabakiak ere horren araberakok izatea. Haatik, orain artio klase pribilejiatuek erakundeak beraien eskuetan izan dituzte, eta  herritarrek ez dute aukerarik izan. Batzarrak erabakitzeko guneak izateaz gain informazioa emateko ere izan behar dute, erakundeen eta herritarren arteko, bi norabideko komunikaziorako bitartekoak.

 

Udal jarduera Baztanen, neurri handian bezerokerian eraiki da, faboritismoan, horrek, herritarren artean gisako kultura ekarri du; horretaz gain, oraingo jendarteak bulkatutako despolitazioa eta delegazionismoa dago…
Funtzionatzeko modu horrek oraino jarraitzen du, gu aldatu nahian gabiltza, baina egun batetik bertzerat ez da horrelakorik gertatuko, zeren orain artio ezagutu dena hori izan baita. Jendeak aunitzetan bere bozka emateko tenorean bere familiakoa edo laguna delako erabakitzen du, modu horretan nahi duena lortzen lagunduko diolakoan. Guk erakundeak ez ditugu horrela ulertzen. Herritarrek eskubideak dituzte, berdin du herritarra nor den edo nondik datorren. Baina horretarako jendeak sinitsi behar du horrela izan daitekeela. Baina hori zoritxarrez, Baztanen eta Nafarroan, gure antolaketa sozialarengatik mantendu den funtzionatzeko modua izan da.
Bertzalde, despolitizazioaren eta deleganionismoaren inguruan, ez dakit zehazki azken urteetan makurragorat egin ote dugun. Berriki artio, ezagutu dugun egoera ekonomiko “baikorrak”, kultura kontsumistak eta indibidualismoak horretarat bultzatu du. Dagoeneko ez dugu gure ondokoaren beharrik; ekonomikoki eguneroko “beharrak” ordaintzen ahal ditugu eta horrek bakoitzak bere zilkorat begiratzerat eramaten gaitu. Ikusi dugu apatia edo pasotismo horrek zertara eraman gaituen; jendea pixkanaka erreakzionatzen ari dela uste dut, eta gauzak nola datozen ikusita, uste dut jendea aldatuko dela.

 

Udaletxe berria eratu bezain laster batzorde irekiak sortu dituzue. Zertan dago ekimena? Ze erantzun izan du eta zer balorazio egiten duzu?
Orain artiokoa arras positiboa izan da. Jende aunitzek parte hartzen du batzorde irekietan. Batzuk bertzeak baino hobe funtzionatzen dute, hori ere normala da. Hamar batzorde egin ditugu[1]. Gehienetan hamar pertsonatik goiti daude, eta nire ustez Baztanendako parte hartze handia da. Horrela jarraitzen badugu, funtzionatzeko modu hau ohituran bihurtu daiteke. Eta erabakiak hartzeko ere, zenbat eta jende gehiagok parte hartu aisagoa izanen da gehiengo sozialaren oniritzia izatea

 

Udalaren irekiera, batzordeen sorrera, parte hartze prozesuak (udal plana)… bide horren garapena nola ikusten duzu? Norat iritsi beharko ginateke?
Helburua litzateke herritar guztiek erakundeetan eta erabakiguneetan parte hartzea beraien eskubide eta betebehar gisa ikustea. Egiten ari garena berria izaganatik, jendeak ikusten badu, bide horretatik denon artean bakoitzak gutti goiti beheiti nahi duena erdiesten duela edo gustatuko litzaigukeen jendartean aitzinatzen dugula, gero eta jende gehiagok parte hartuko duela iruditzen zait.

 

Eta guzti horien ondoan herrietako batzarrak eta Batzar Nagusia nola edo non kokatzen dituzu?
Nik uste denen arteko harreman bat izan behar duela. Baztango antolaketa nahiko konplexua da, hainbertze herri gaudelako. Nafarroako bertze udalerrietan kontzejuak daude eta kontzejuek beraien erabakiak hartzen dituzte, maila handi batean guttienez, hemengo herriek baino gehiago. Batzarrak ere kontuan hartzea garrantzitsua da eta gure lana guztien arteko komunikazioa bermatzea izan beharko du. Erabakiak hartzeko tenoren herriekin egon behar da, ezin da batzordeetan bakarrik egin. Batzorde irekiak Baztan mailako erabakiak hartzeko egiten ditugu, baina, aldi berean, herri bakoitzak ere bere errealitatea du. Udal Planarekin hala ari gara, hau da, alde batetik foro bat behar dugu Baztango sektore desberdinetan dauden eragileekin, baino bertzaldetik kuartelka eginen diren bilerak daude, tokiko errealitatea zein den ezagutzeko. Denen artean elkarlana egon behar du, zeren azken batean Udala hamabortz herrien udala da eta hau da momentuz proposatzen dugun formula erabakiak eta parte hartzea egituratzeko. Akaso, hemendik urte batzuetarat bertze modu batzuk egokiagoak izan daitezkeela ikusi daiteke. Guzti hau, bistan denez, ikaste prozesua da denondako, berria, bai guretako baita herritarrendako ere… Garrantzitsuena borondatea da eta gure borondatea ahalik eta parte hartze gehien izatea da eta hau ohitura bihurtzea eta informazioa eta gardentasuna izatea.

 

Orain artio bailaran egituraturik gabe zeuden hainbat sektore udal batzorde irekien bidez egituratzen ari dira. Horrek alde batetik sektore berrien eraketa suposatzen du, subjektu berriena ere bai; baina udal dinamikaren menpeko izateko arriskua ere bai.
Momentu honetan adibidez, batzordeak planteatzen ditugularik, dagoeneko antolaturik dauden kolektiboak deitu ditugu, nahiz banakoak ere etorri daitezkeen. Logikoki kolektiboei bertze garrantzia eman zaie zeren helburu zehatz batekin ari diren taldeak baitira eta beraz, banakoak baino ordezkaritza zabalagoa dute. Nolanahi ere den, garbi dago talde bakoitzak batzordetik harago bere jarduerak egiten ahal dituela. Ikusten duguna da, gauza guztietan bezala, elkartuz indarra gehiago dugula, eta praktikotasunari begira ere, aisago da taldeen ordezkariekin tratatzea milaka banakorekin baino.

 

Herritarren protagonismoan oinarrituriko erakunde eredu berri batek, erabaki politikoaz harago, kultura aldaketa sakona eskatzen du, bai herritarren artean baita udalean ere. Nondik eragin daiteke horretan? Praktikarekin bakarrik aski da?
Nik uste denetarik behar den. Hasteko formakuntza behar da, instituzioetan gaudenen aldetik eta herritarren aldetik ere bai; parte hartzea aipatzen dugularik jakin behar dugu zer erran nahi dugun eta horrek zer suposatzen duen. Zeren gauza guztiekin bezala, parte hartzea aipatzen da baina hedatzen diren kontzeptu aunitzen moduan, alde bakoitzak gero nahi moduan erabiltzen du. Hortaz kontzeptuak zehaztea eta zer erran nahi duten argitzea garrantzitsua da, kasu honetan zer erran nahi duen parte hartzeak, horrekin zer erdietsi nahi dugun… Guzti hori gauzatzeko erabiltzen ditugun kontzeptuen gaineko adostasuna behar da. Horretarako, erran bezala formakuntza behar da. Bertzalde, praktika ere beharrezkoa da, praktikan paratu eta herritarrek ikusi ahal izatea erraten dutena kontuan hartzen dela. Hortik aitzinerat gauzak aldatuz joan behar dira, zer funtzionatzen duen eta zerk ez ikusita.

 

Formakuntza eta praktika horretarako teknikoak beharko dira, aholkulariak, zinegotzigo bereziak… Hau da, parte  hartzea, planteamendu politikoa izateaz gain, eratu beharreko eta inbertsioak eskatzen dituen eremua da…
Bai, aurtengo aurrekontuetan adibidez Udal Plan Orokorra egiteko prozesu parte hartzailerako diru bat bideratu dugu.  Horrek lan bat suposatzen du eta lan horretarako jardun horietan ari diren teknikariak behar dira: herritarren arteko prozesuak dinamizatzeko adibidez. Horrek kostu bat du baina hasierako inbertsio hori egiteak merezi du.

 

Aipatu dugun guztia eraldaketa sozial prozesu batean sartzen da. Eraldaketa sozialean eragiteko ezkerretik hiru jardun eremu zehazten dira: instituzionala, herri mugimenduarena, ideologikoa… Nola ikusten dituzu eremu horiek Baztanen?
Erakundeen eremuan ikusten dut hasieran gaudela. Orain zortzi hilabete artio Baztango erakundeen dinamika guztiz kontrakoa izan da. Bistan denez eremu horretan aldaketak egitea kostako da. Udala orain artio aski egitura bertikala izan da, gutti batzuk erabakiak hartzen zituzten eta herritarrek horiek bete bertzerik ez zuten. Akaso sektore batek hori ezbaian paratzen zuen, baina gehiengoak hala jokatzen zuen. Hortaz, guk ikusten badugu gauzak bertze modu baterat egin behar direla, eta hori egiten badugu, herritarrek hori normaltako hartuko dute eta dinamika horretan murgiltzea aisagoa izanen da. Bertze kontu bat da egunerokoan zenbateraino parte  hartuko duten zeren orain artio herritarren papera arras pasiboa izan baita.
Ideologikoki ere lana handia egin beharra dago. Batzarreen afera-eta nahiko onartua dagoela uste dut, baina eraldaketa sozialaren aldarria ideologikoki ez dakit zenbateraino hedatua dagoen. Ez dut jendea planteamendu horietarat sobera lerroturik ikusten. Herri mugimenduari buruz, Baztanen dagoena, halako udalerri sakabanatu eta ttipi bati dagokiona da. Ez dago mugitzeko sobera ohiturarik. Herrietan, herriko lanak egiteko, auzolana e.a. ohitura dago, eta hori aski positiboa izan daiteke herritarren mugimendua indartzeko; baina ideologikoki jendea ez dut horretarako sobera prest ikusten.




[1] Hamar batzodeak haueka dira: hirigintza, euskara, kultura, industria, zaborrak, berdintasuna, zerbitzu sozialak, nekazaritza-ingurugiroa, hezkuntza, turismoa eta komertzioa

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina