2013(e)ko abenduaren 14(a), larunbata

AROZTEGIA: ESPEKULAZIOA ETA INPOSAKETA 
(16. Metazirin argitaratutako testua)
 
Aroztegiako hirigintza egitasmoaren inguruko testu honetan, proiektua ezaugarritzen duten gako nagusiak aipatuko ditugu, bertze testuinguetarako interesgarriak izan daitezkeen gogoetak, ikuspegiak eta esperientziak batez ere landuz; ez da, hortaz, kontaketa xehe eta gertakarien bilduma kronologikoa izanen.

 
Aroztegiakoa Baztango Lekaroz herrian egin nahi duten helburu sozialik gabeko hirigintza egitasmoa da. Egitasmoaren arabera 252 etxebizitza, golf belagia, luxuzko hotela, apartahotela eta bertze zenbait eraikin eginen dituzte, guztiak ere Aroztegia jauregiaren inguruan hedatzen den 40 hektareako lur-eremuan.

 
Egitasmoaren sustatzailea Palacio de Aroztegia da, eta beraien erranetan egitasmoa turistikoa da. Egitasmoa babestu eta onartu zuen aitzineko Baztango Udalak ere (NaBai eta UPN) argudio hori erabili zuen. Haatik, hirigintza egitasmo espekulatzailea bertzerik ez da, gauetik egunera 40 hektarea lurzoru urbanizaezin, urbanizagarrian sailkatu eta hortik erdietsitako etekinekin berehalako irabaziak eskuratzeko. Jokaldia begibistakoa da, krisiaren aitzineko urteetan lurzoru urbanizaezinaren m²ak 0,93€ balio zituen, urbanizagarriak berriz 23€; hau da, merkatuko prezioen estimazioen arabera eremuak 372.000€ balio izatetik 9.200.000€ko balioa izatera pasatuko litzateke. A ze mauka!


Noski, sustatzailea nor den argitzeak egitasmoaren izaeraren berri zehatzagoa emanen liguke; zeren Palacio de Aroztegia elkartea Inmobiliaria Caixa Galiciak eta Baztango Arozarena-Urbistondo familiako kideek osatzen baitute. Lehenengoari buruz dena errana da, aurrezki kutxa baten higiezinen inbertsioetarako atala da, beraien bezeroendako inbertsio errentagarrienak bilatu bertze helbururik ez duena; eta bigarrenari buruz, 2011ko ekainean prentsan jakin ahal izan zenez, familiako buruetako bat zerga iruzurrean harrapatu zuten, eta kartzela sahiesteko, fiskaltzarekin Estatuko Zergen Agentziari 2,4 milioi euroko kalte-ordaina ordaintzeko akordioa egin zuen. Ezbairik gabe, herri batek behar dituen sustatzaile eta ekintzaile eredugarriak.

 
Nolanahi ere den, urte hauetako esperientziak erakutsi duenez ustez turistikoak diren egitasmo horiek, ez dira inoiz hala izan, golf belagi guztiak defizitarioak baitira eta bideragarriak egiten dituena, oinarrian duten hirigintza egitasmoa da; horrela lehenak azken hauek zuritzeko erabiltzen dituzte. Alta, egitasmoa turistikoa izateak ere ez luke halabeharrez golfa eta luxuzko hotelaren egitea justifikatuko; golfak inguruarendako ondorio aski kaltegarriak ditu: uraren erabilera zarrastaltzailea, topografiaren berdinketa, pestizida eta ongarri kimiko eta kutsagarrien erabilera etengabea, nekazal lurrei buruzko presioa… Bertzalde, jendeen eta baliabideen esplotazioan oinarrituriko aberastunaren pilaketaren erakustaldia egitea eta jende horiendako azpiegiturak egitea –luxuzko hotela- ez da inolaz ere onartzen ahal.


Gaia aski larria da, zeren Baztanek, Euskal Herriko herri gehienek bezala azkeneko urteetan alimaleko hirigintza presioa jasan baitu, eta horregatik, Aroztegiako egitasmo horrek berez jasangaitza den egoera bat indartzen baitu. Baztango hiri-garapena arautzeko 2002. urtean Udal Plana onartu zen, horren arabera nahiz aitzineko hamarraldian gainbehera demografiko jarraitua ezagutu 1665 bizitza berri egitea aurrikusi zuten, bertze horrenbertze lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuz. 2001ean 7501 biztanle ginen eta 2012rako 11.000 biztanleko proiekzioa egin zuten, hau da, %31ko hazkundea. Haatik, hamarraldiaren hazkundea 2010eko datuak kontuan hartuta %7,2koa izan da, 8081rat iritsiz. Hala, merkatuak hanpatutako ikusmolde horrek herri inguruetako lur guztiak - nekazaritzako hoberenak- , urbanizagarri gisa sailkatzea ekarri zuen. Betiere, bizi izandako hazkunde ttipia modu homegeneoan Baztango herri guztietarat bideratu beharrean Elizondon izan da gehienik, bailarak irabazi dituen 483 biztanleetatik 441 Elizondon pausatu baitira; horrek bistan denez, bailara barnean desoreka handiak eragin ditu.

 
Horrekin aski ez, eta 2001eko zentsoko datuen arabera Baztango etxebizitzen %23 hutsik zegoena kontuan hartu behar da, eta %14 berriz, bigarren bizitza zena. Hau da, inongo oinarririk ez zuten beraien aurrikuspen demografikoak egiazkoak izatera, zentzuzkoena bizitzen-parkean eragitea izanen litzateke, eta ez eraikuntza neurrigabe eta eroa bazkatzea; eta egiazki, bazkatu diogularik, bazkatu diogu, zeren Baztanen inoiz baino gehiago eraiki baita, 2001eko zentsoko azken datuen arabera 1991-2001 artean XX. mendeko etxeen %33 eraiki baitzen, bistan denez, ondoko urteetako datuak eskura izatera emaitzak ikusgarriagoak lirateke. Eta sektorea ere, modu berean hazi da, 2001ean populazio aktiboaren %13,1 (1981ean, %5,4) bertan ari baitzen. Hala, testuinguru burugabe horretan, etxeak egiteko oraino Udal Planak zehaztutako lurzoru urbanizagarri aski egonda, Palacio de Aroztegiakoek Baztango aitzineko udalaren ahobateko adostasunarekin, bertze 40 hektarea urbanizagarri gisa sailkatzea erabaki zuten. Chapeau!


Gauzak horrela, Aroztegiako etxeak egitera, eta eskuarki kalkuluetarako erabiltzen den hiru pertsonako familia nuklearraren tipologia kontuan hartuta, Aroztegiak 756 pertsonako bizigune berria ekarriko luke; Lekarozen 341 bizi direla jakinda %55eko hazkundea, hau da, herria bikoiztuko litzateke. Bistan denez, horrek ez du herriko beharrekin deus ikustekorik. Eta dagoeneko aipatu ditugun datuen argitara, ezta Baztango beharrekin ere. Gainera Aroztegiako eremuak Lekarozko herrigunearekin ez du jarraikortasunik, hortaz, aurrikusten dituzten etxeek gune berria eratuko lukete, Elizondo alderat, lehen aipatu dugun bailara barneko pilaketa handituz eta horrela, desoreka handiagotuz eta lurralde desegituratzaile moduan jokatuz. Aipatzekoa da, halaber, horrelako egitasmo batek dituen ondorio zuzenak: uraren horniketa, errepide azpiegitura berriak, auto-mugikortasunaren handiagotzea, oinarrizko zerbitzuen hedapena (zaborrak, eskolak, argiteria…), eta kasu zehatz honetan egitasmoak zituen gabezi teknikoak eta zehaztasun faltak: eraikigarritasun koefizienteak, etxeak orain bortz urte sutea izan zen baso-lurzatian egin nahi izatea, %10eko malda gainditzen duten lurzati urbanizagarriak zehaztea…

 
Aurkakotasuna antolatu

Inguramari horretan Aroztegiaren aurkako mugimendua antolatu zen. Hasieran, Lekarozen bertan, Herriko Batzarraren[1] bidez. Batzarraren erabakiari jarraikiz NaBaiko udalaren agintekeriaren aitzinean herri galdeketa antolatu zuten, 2009ko urriaren 5ean izan zen eta bertan parte hartu zuten herritarren %67 egitasmoaren aurka agertu zen. Arozarena-Urbistondotarrak herrian bizi zirela jakinda eta herrian zegoen tentsio eta presioa kontuan hartuta, aski emaitza ona; %26k berriz, alde egin zuen eta %9k txuri bozkatu. Baztango udaletxeak, haatik, egitasmoa babestea erabaki zuen. Gauzak horrela, eta eztabaida Baztan osorat hedatzeko borondatearekin eta herri barneko presioa arintzeko Aroztegia eta gero zer? taldea sortu zen. Taldearen helburua egitasmo zentzugabe hau geldiarazi bidenabar oraingo garapen eta jendarte ereduaren inguruko eztabaida sustatzea izan da. Egitasmoaren aurkako lanketan, amaiurtarrekin bat eginik Baztan Bizirik nahi dugu! Aroztegia eta Munoa gelditu! Herriaren hitza errespetatu! lelo hirukoitzarekin Elizondoko karriketan manifestaldi jendetsua egin zen. 2010eko uztailan izan zen eta 800 baztandar inguruk parte hartu zuten. Garai horretan amaiurtarrak Munoan egin nahi zen harrobi egitasmo baten aurka ari ziren, beraz, guttieneko puntu komunak adostuta,  Baztango eragile pila baten atxekimendua izan zuen manifestaldia egin zen. Batzarrak, solasaldiak, bizikleta martxak, mendi ibilaldiak, elkarretaratzeak, kontzertuak e.a. ere egin izan dira. Haatik, Baztango aitzineko udalak herritarrei kasu egin beharrean Palacio de Aroztegiako sustatzaile zalantzagarriekin bat egitea nahiago izan zuen, proiektua egin ahal izateko Udal Plana behin betiko aldatzea onartuz. Hortaz, auzibideetarat jo eta, horrela, alde batetik hasierako onespenaren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu zen, eta bertzetik, Udal Planaren behin betiko aldaketaren erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi epaitegian bertze errekurtsoa. Biak ere Nafarroako Gobernuaren aurka, bera baita azken arduraduna. Gorako errekurtsoa sutea izandako baso-zoruaren birsailkapenarengatik eta, bertzea, Udal Planaren aldaketarengatik. Baztango aitzineko udala sustatzaileekin itsuki lerroturik,  auzibidean Nafarroako Gobernuarekin eta enpresarekin parte gisa jokatzea erabaki zuen, eta horrela, baztandarren diruetatik 10.000€ gastatu zituen. Betiere udal berriaren osaketarekin, udal gobernu berriak Bilduren eta Ezkerraren ekimenez egitasmoari buruzko desadostasun publikoa agertu eta auzibideetan parte ez izatea erabaki du; halaber, proiektua gibelerat bota ahal izateko txostena galdegin du. Bertzalde, aipagarria da afera guzti honetan Diario de Noticias egunkariak egitasmo espekulatzaile honen  alde izan duen jarrera gogorra eta egin duen lana. Zorionez inguruan eskualde mailako egitura komunikatibo sendoa dugu – irratia, telebista eta aldizkaria- eta horrek lan militante jarraituarekin medio handien eragina jokatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du.


Egitasmoaren aurkako lanean gure mugak berehala ikusi genituen. Horrelako egitasmoak orokortasun baten barnean garatzen dira, eta beharrezkoa da egitura orokor hori ere salatzea. Ildo horretan Nafarroa Bizirik Nahi Dugu koordinakundearen sorreran eta mobilizazio dinamikan parte hartzen hasi ginen, toki bakoitzeko borroketatik abiatuta, egitasmo burugabe horiek ahalbidetzen duten jendarte eredua eta erakundeen jarrera inposatzailea jokatzeko. Halaber, garbi izanda gai hauek gai soziopolitikoak direla eta eztabaida eta borroka eremu horretan kokatu behar dela, hainbat arlo tekniko lantzeko zailtasunak izan ditugu; zentzu horretan, afera teknikoari buruz Sustrai Eraketaren laguntza aski lagungarria izan da eta, gutako aunitz bertako kide egin gara.

 
JOSEBA OTONDO BIKONDOA
ELIZONDO



[1] Baztan udalerri bakarra izaganatik hamabotz herriz osatua dago, eta herri horietako bakoitzak ezagutza ofiziala duen Herriko Batzarra dauka. Udaletxea eta herrietako batzarreak beren zinpeko alkateekin bailarako Batzar Nagusian biltzen dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina