2014(e)ko abenduakren 7(a), igandea

'Kirika FM' Nafarroako hitza gehigarrian

Abenduaren 5ean elkarrizketa egin zioten Elurre Iriarte Bañezi 'Kirika FM' liburuaren aurkezpenaren harira berriako 'Nafarroako hitza' gehigarrian.
Hona elkarrizketa osorik:

“Gure mundu guztiei nolabaiteko kirika txiki bat egiten saiatu naiz”  

Ez dira gutxi Elurre Iriartek (Arizkun, 1972) Xorroxin irratirako egindako kolaborazioak, eta, horietako gehienak bilduz, Kirika FM: bizi garen munduei begira liburua osatu du. Testu horien bidez, egungo errealitateari baikor begiratu, eta aldatu beharrekoaren giltza denen eskuetan dagoela adierazi du Iriartek.

Zer kolaborazio mota egin duzu Xorroxin irratian?
Xorroxin herri mugimendutik sortutako irrati bat da, eta, ni ere betidanik halako mugimenduetan ibili naizenez, zaila da ezetz erratea. 2010eko urrian egin zidaten proposamena, eta geroztik lau ikasturtez egon naiz kolaborazioak egiten. Hamabortzean behin, Di-da tartean bi minutuko tartea izaten nuen, nahi nuenari buruz nire ikuspuntutik solas egiteko eta gogoeta batzuk osatzeko.

Zeri buruzko testuak dira?
Denetarik dago: elikadura, Baztan, hezkuntza, literatura, emakumeak, kultura, euskara, Eliza, langileak, politikariak, ekonomia, presoak... Une bakoitzarekin lotutako gai ugari; nahas-mahas. Kasu batzuetan, grabaketaren astean ospatu behar zen zerbait hartzen nuen abiapuntutzat; bertze batzuetan, prentsan irakurritako zerbait hartu eta nire iritzia ematen nuen; beste zenbaitetan, nire bizipenak eta sentimenduak ere kontatu izan ditut.

Nola bururatu zitzaizun kolaborazioekin liburu bat egitea?
Egia erran, ez zitzaidan niri bururatu. Metaziri kolektibo editorialak argitaratu du, eta haiek proposatu zidaten ideia. Baietz erran baino lehen, idatzitako testuei begiratu bat eman nien, berez irratian irakurtzeko moduan zeudelako eta horrek beldur pixka bat ematen zidalako. Hala, testu horiek moldatu, eta bizpahiru pertsonari pasatu nizkien hasieran. Orduan ikusi nuen nire hausnarketa horiek nolabaiteko ekarpen bat ere egiten zutela, eta horregatik animatu nintzen Metazirikoei baiezkoa ematen.

Kirika FM: bizi garen munduei begira izena du liburuak. Zergatik izen hori?
Izenarekin bueltaka ibili ginen, zer jarri eta zer ez erabakitzeko, eta, azkenean, hori anitz gustatu zitzaidan. Kirika hitza esanguratsua da, azken finean eguneroko bizitzan etengabe kirikatzen ari garelako interesatzen zaizkigun gaien inguruan; FM, irratiari erreferentzia egiteagatik; eta azken esaldia gure errealitatearekin lotuta dago. Nik nire ekarpenak egiten ditut ama gisa, herri mugimenduetako kide gisa, bikote moduan, alaba gisa, etxekoandre moduan eta abar. Bakoitzean askorik ez sakondu arren, gure mundu guztiei nolabaiteko kirika txiki bat egiten saiatu naiz.

Zenbat testu biltzen ditu liburuak?
59. Gehiago ere baziren, baina batzuk ez zitzaizkidan iruditzen hemen sartzeko modukoak. Horrez gain, aipatutako gure mundu horiek aldatuz doaz, eta agian, orain idazten hasiz gero, bertze zerbait gehituko nieke testuei, edo aldaketaren bat egin. Hori zen nire beldurretako bat, testu batzuk zaharkituak geldituko zirela uste bainuen. Baina, zoritxarrez, gai batzuk ez dira inoiz zahartzen.

Nola definituko zenuke egindako lana?
Nire munduei egindako kirika batzuez gain, uste dut azalak ongi irudikatzen duela dena. Testuetan agertzen diren kezkak edota desegin edo aldatu nahiko nituzkeenak modu baikorrean azaltzen saiatu naiz. Itxaropena etsipenaren aurkako zerbait den aldetik, uste dut itxaropena izan behar dugula, baina ekinez. Hori da, hain zuzen, liburu honekin lortu nahi dudana: gauzak aldatuko diren itxaropena izan behar dugu, baina aldaketak guk egin behar ditugu; ez dira bakarrik aldatuko. Gure munduak guk eraikiko ditugula adierazi nahi izan dut, baikortasunez.

Non egongo da salgai?
Oraingoz, Zugarramurdira ailegatzeko izan ezik, liburuak ez ditu Baztango mugak pasatuko: Erratzun, Arizkunen, Elizondon, Iruritan, Oronozen eta Zugarramurdin egonen da eskuragarri.

---------------------------------------------------
Hemen gehigarri osoa pdf-n:
"Nafarroako hitza"

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina