2013(e)ko abenduaren 16(a), astelehena

BAZTANGO KRONIKA SOZIOPOLITIKO LABURTUA
(15. Metaziri-n argitaratutakoa)
 
Azkeneko Metaziria argitaratu zenetik sei hilabete luze joan dira, eta, bizkitarte horretan, bistan denez, Baztanen gauzak ez dira geldirik egon. Azaroan Marmoles del Baztaneko kaleratzeen kontrako mobilizazioak izan genituen. Enpresako zuzendaritzak 17 langile kanporatzeko kaleratze espedientea aurkeztu zuen, eta, horren aurka, langileek greba hasi zuten. Grebaren testuinguruan Elizondon 300 lagun inguru manifestaldian atera ziren, gainera, Elizondoko Herriko Etxean hertsialdia egin zuten (udaletxeak, NaBai, ez zuen udaletxean hersteko baimenik eman). Herrietako alkateak ere, udaletxearen utzikeriaren aitzinean afera mugiarazteko pausuak egin zituzten. Langileen arteko batasuna erabatekoa izan zen, herritarren elkartasuna ere bai, alta, hondarrean ezin izan ziren kaleratzeak geldiarazi. Azaroan ere Loizu hiltegia bi egunez hertsirik egon zen. Hiltegiaren urteetako kudeaketa txarra eta utzikeriaren ondorioz, egoera muturrera iritsi zen, eta, langileek lanerat ez agertzea erabaki zuten. Bi egun horietan udaletxea, kooperatiba, herrietako alkate eta hiltegiko langileen artean bilkurak egin ziren.


Bertzalde, Marokok mendebaldeko Saharan egindako erasoen harira, Saharaztan taldeak elkarretaratze desberdinak egin zituen Elizondon. Halaber, azaroaren hondarrean, Sahararen aldeko elkartasun egun jendetsua antolatu zuen Erratzun. Eta Erratzun ere Palestinari buruzko solasaldi interesgarria antolatu zuten. Aroztegiako egitasmo urbanistiko-espekulatzailearen aurkako mugimenduak, bertzale, ekimen desberdinak egin ditu: azaroan egitasmoaren aurkako mendi martxa eta kontzertuak egin zituen. Urte zahar egunean kartel-paratze herrikoia eta abenduan batzarrea eta elkarretaratzeak. Aldi berean, udal planaren aldaketa puntualaren onarpenari buruz administrazioarekiko auzien auzitegian errekurtsoa paratu zuen. Aroztegiarekin jarraituz eta, gero, eriaroan jakin izan denez, Aroztegiako sustatzaile nagusietako bat zerga iruzurrean harrapatu eta 2,5 milioi euro ordaintzera zigortu dute. Gaztetxeak ere hitzordu interesgarriak egin zituen: drogei buruzko solasaldia, AHTaren inguruko solasaldia… bideo emanaldiak, kontzertuak… Mendialdeko gazte independentistek, beren aldetik, Txapa Mendi izeneko formakuntza kanpaina abiatu zuten, eta, horren baitan, elizondoko gaztetxean kanpainaren aurkezpen-lantegia egiteaz gain, Venezuelari buruzko solasaldia ere egin zuten. Ildo horretan, azken ikasturte guztian Marasma izeneko egitasmoan buru belarri ibili dira, gazteriak bizi duen egoera aztertzeko ekimen herritarra bideratuz. Baztango ezker abertzaleak, bertzalde, otsaila-maiatza bizkitartean Herri Programaren inguruan sekulako dinamika abiatu zuen. Azaro-abenduan berriz baztango diagnostikoa egiteko lanean ibili zen eta azaroan, Sabino Cuadrarekin solasaldi bat ere antolatu zuen: Sozialismoaren eraikuntza Euskal Herrian eta XXI. Mendean. Errepresioaren kontrako mobilizazioren testuinguran, amnistiaren aldeko mugimenduaren deiari jarraiki ortziralero presoen aldeko elkarretaratzea egin izan da Elizondoko plazan. Abendu hondarrean halaber, herrietako alkate berriak hautatu ziren. Udalbiltzako auzia dela eta, Oskar Goñik solasaldia eskaini zuen eta, gainerakoan, elkarretaratzeak ere egin izan dira. Aipagarria da Foruzainen komisaldegiko lanak eta sahiesbidekoak ere hasi dituztela, eta azken honetan xehakuntzaren neurria gero eta begibistakoa dela; gainera, sahiesbidearen lanetan lan-istripu arras larriak izan dira. Ilbeltzean ere euskal gehiengo sindikalaren deiari jarraikiz greba orokorra egin zen Baztanen. Grebaren jarraipena, erabatekoa ez izanagatik aski nabaria izan zen, eta aspaldiko partez gainera, pikete potente bat eratu zen eta elizondoko banketxeen aitzinean banketxeak lapurrak gogotik oihuka ibili ziren. Ezin aipatu gabe utzi aurtengo martxoaren 8ko ospakizunen harira baztango talde desberdinek lehenengo aldiz egin duten koordinazio lan handia eta hortik sortu zen egitarau komun aberats eta interesgarria. Korrikaren bisitaldia ere izan genuen, aldiro bezala aski jendetsua eta parte hartzailea, eta gainera, maiatzaren hondarrean ere mintza eguna ospatu zen Elizondon. Aipagarria, halaber, aurtengoa hauteskunde urtea izan dela, eta kanpainaren barnean Bilduk aspaldi ezagutu ez bezalako mitin jendetsua egin zuela elizondoko plazan (250 pertsona inguru), eta hauteskunde emaitzen ondorioz lehenego aldiz baztanen koalizio ezkertiar eta abertzale batek alkatetza eskuratu duela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina