2013(e)ko abenduaren 16(a), astelehena

UDAL BERRIA, ERALDAKETA SOZIALA
ETA HERRI-MUGIMENDUA
(15. Metaziri-n argitaratutako testua)
 
Udal hauteskundeetako emaitzen ondotik, eraldaketa sozialean engaiaturik gauden jendeen eta taldeen artean, aldi berriaz eta gure jardueraz gogoeta egitea nahitaezkoa da. Oraingo jendartearen egiturak bere horretan badirau ere, erakundeen eremuan aldaketa nabarmena gertatu da Baztanen, izan ere Bilduk, Ezkerraren babesarekin alkatetza eskuratu baitu. Hortaz, testuinguru administratibo-instituzionalean berrikuntza izan da, gehiengo berria osatu da, eta gainera, herri-mugimenduko militante kualifikatuek eta erreferentzialek udal gobernuaren ardura beregain dute orain. Horrek, ezbairik gabe, aukerak eta arriskuak ekartzen ditu.

Orain artioko balorazioa

Euskal Herriaren egoeraz, Sortuz eta Bildu koalizioaz ez gara arituko, zeren helburua baztango egoera pixka bat argitzea baita . Hasteko azkeneko lau edo zortzi urteen inguruan balorazio labur bat egitea komenigarria litzateke, laburpenek dakarten mugekin. Baztanen ere kapitalismoaren azken bertsioa den ideologia neoliberal eta desarrollista gogorrenaren erasoldia jasan dugu, interes multzo horren zerbitzura zegoen udaletxe teknokrata buru zela. Horrek bi adierazpide izan ditu: alde batetik herritarren beharrekin zer ikusirik ez zuten egitasmo txikitzaile eta zentzugabeen parrasta: Erdiz, Aroztegia, Munoa eta Pikota, foruzainen komisaldegia, elizondoko plaza… Eta bertzetik, baina horrekin lotuta, herritarrei  eta herriei bizkarra ematen zien jokabidea: inposaketa, herrietako alkateei mespretxua, zahar etxearen pribatizizaioa, hiltegia…. Gainera, lehen aldiz baztanen, kargu publikoen profesionalizazioari atea ireki zaio – akaso lehenago egin beharra zen-, baina hori, herritarren zerbitzura egoteko baino, interes pribatuen inoiz baino morroiago eta herritarrengandik urrunago egoteko bertzerik ez du balio izan, exekutiboen pareko jornala justifikatzeko obra-aktibismo zurrunbiloan eroriz eta politikari teknokraten eraginkortasunaren eta kudeaketaren diskurtso despolitizatzailea hedatzeko: talentua, berrikuntza…

Haatik, testuinguru horretan herri-mugimendu azkar eta sendoa garatu da, egitasmo suntsitzaile desberdinei jokatu diena, eta horien aurkako eztabaidan herritarren artean kontzientzia sozial eta politikoaren eremuan aitzin urrats nabarmenak emateko balio izan duena: garapen eta jendarte ereduari buruzko kritika, parte hartzean oinarrituriko erakundetzearen eskakizuna… Toki batzuetan erasoaldi neoliberalak herria apisonagailu baten gisan erraustu badu, Baztanen inoiz baino gehiago indartu du, bai antolaketan baita diskurtsoan ere. Bilan labur hau akitzeko, oposizioaren eta herri mugimenduaren gibelean aldiro ezker abertzalearen eskua ikusi nahi izateak NaBaik bizi zuen eldarnioaren  eta errealitatearekiko urruntasunaren erakusgarria da, mugimendu hauek autoeratuak izan baitira eta batzarre bidez funtzionatu baitute, horrek suposatzen duen esperientzia politiko aberasgarriarekin. Bertzalde, nahiz eta egitasmo suntsitzaile batzuk gelditu, orohar beren garapen eta jendarte ereduan sekulako urratsa eman dute: elizondoko sahiesbidea, Hipersimply, familia bakarrekoen hedapena, etxegintza ero eta neurrigabea, ekonomiaren tertziarizazioa… 

Udal programa

Aitzineko testuinguruan eta dagoeneko erran dugun gisan, herri mugimendu sendo bat eratu zen, borroka desberdinen harian esperientzia hartu zuena: antolaketan, talde dinamiketan, diskurtsoan, eraginkortasunean... Alta, herri mugimenduaren mugak ere agerian gelditu dira. Aldiro udalaren eta interes politiko-enpresarialen agendaren gibeletik ibili behar izan gara, eurak soinulari eta bertzeak dantzari, kasu honetan suhiltzaile gisa. Egitasmo bat geldiarazi orduko bertze lau eginak zituzten. Gainera, herri-mugimenduaren energia eta indarra aurkako dinamikan guztiz neutralizaturik zegoen, baldintza horietan aldaketa sozial eta politikorako edukiak eta bitartekoak lantzea eta garatzea erronka izan da. Ildo horretan baztango ezker abertzaleak bulkaturik bi ekimen  erabakior izan dira: alde batetik baztango egoeraren diagnostikoa eta bertzetik, baina aitzinekoaren jarraipen modura, Herri Programaren egitasmoa. Bi egitasmo horietan 180 baztandar inguruk parte hartu dute, eta aldaketarako tresna indartsu bat egin dute[1]. Gauzak horrela, denok ezagutuzen dugunez -eta horregatik gehiago luzatu gabe-,  baztanen ere udal hauteskundeetarako Bildu ezkerreko subiranisten koalizioa eratu zen, eta haren udal programan, dagoeneko aipatu ditugun aitzineko ekimen eta ekarpenekin aldaketa sozial eta politikorako bilduma programatiko eraginkorra egin da, nahiz eta neurri batean koalizioaren izaerarengatik zerbait marruskatu behar izan den.

Erakundeen arriskua

Erakundeei buruz pare bat gauza argitzea beharrezkoa da. Alde batetik, Janet Biehlek eta Murray Boochikmek[2] dioten gisan, ez dela erakundetze gabeko jendarterik  eta bertzaldetik, Engelsekin bat eginez erakundeak ez direla neutroak[3]. Gauzak horrela, helburua sakoneko eraldaketak egitea baldin bada eta eredu sozial, ekonomiko, politiko, kultural desberdin bat eraikitzea bi alderdi horiek gogoan hartzea nahitaezkoa da. Horrela, erakundeak ez badira neutroak, horien izaeraz ere eztabaidatu eta solastatu beharko dugu, eta horren arabera, aldarrikatzen dugun eraldaketen norabidean egokituko den erakundetzea eraiki: parte hartzailea, herritarren eta langileen interesen araberakoa… Eta hori, bistan denez, gauden tokitik: jendarte indibidualista, kontsumokeria, despolitizazioa… Afera  egitasmo askatzaile bati dagozkion erakunde motak zehaztea da eta horiek pittanaka edo ziztuan –indarren arabera- eraikitzea, betiere garbi izanik, aitzinetik zerbait aurrikusi eta zehaztu badaiteke ere, praktikak eta esperientziak baldintzatuko dutela garapena. Zentzu horretan, lehen aipatu dugun udal programan baztanen erakundetze eta demokratizazioaren inguruan –udala barne- proposamen garrantzitsuak egiten dira: herrietako batzarreei buruz, batzorde irekiak, galdeketak…  Baina hasieran erraten genuenaren haritik, oraingo erakundeak –eta gero etorri daitezkeenak ere- ez dira neutroak, eta jendartearen antolaketa bati erantzuten diote. Kasu honetan Estatua eta administrazioaren egitura osoa, klase gizarte batean klase zuzendariaren interesak nagusiarazteko bitartekoak dira, eta bizi dugun krisialdiaren kudeaketa guzti horren adibide aski argigarria da. Hor parte hartzeak inertzia pila batek harrapatzeko arriskua erran nahi du, eta esperientziaren argitara, indar eta borondate eraldatzailea eraldatua izateko aukera handia dago. Errezeta magikorik ote dagoen ez dakigu, baina udalaren kudeaketan eta kontrolean herritarren eta herri erakundeen inplikazioak helburuetatik ez urruntzeko nahietazekoak direla iduri du. 

Erakundeen eta demokrazia ordezkatzaileen arriskuak eta mugak hor parte hartzea erabakitzen duten askapen mugimenduendako erronka etengabeak dira. Hortaz, aldiro tentsio bat mantentzea eskatzen dute, ezarritako helburuak eta egiten ari garena modu kritiko batean neurtu eta baloratzeko. Historikoki, bertzalde, erakundeetan ez parte hartzea ere proposatu izan da, baina horri bi gabezi egozten ahal zaizkio: alde batetik gure errealitatearen eraikuntzan erabakiorrak diren espazioak direla erakundeak, eta horietan ez parte hartzeak borroka fronte bat uztea litzatekeela. Eta bertzaldetik, baztanen berean ikusi ahal izanen denez, erakundeek –udalak kasu honetan- herriko interesekin sintonian aldaketarako marko egonkor bat ahalbidetu dezaketela.

Dudarik gabe, erakundeen arriskua jokatzeko, nahitaezkoa da udaletako parte hartzea estrategia osoago baten barnean planteatzea, hau da, askapen borroka baten globaltasunean eta horren zati gisa. Horrek erran nahi du, udalaren garrantziaz ohartuta ere, ez direla indar guztiak udalerat bideratzen ahal, eta beharrezkoa dela masa borroka, herri mugimendua, eta borroka ideologikoa ere indartzea. Bistan denez, hau plano ideal batean aise da erratea, bertzerik da praktikara eramatea.

Eraldaketa soziala, herri-mugimendua eta udala.

Dagoeneko aitzinatu dugun gisan, eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikorako estrategia osotasun baten barnean planteatu beharra dago, garbi izanik erakundeetan parte hartzea beharrezkoa izanik, bide horrek bere mugak eta arriskuak ere badituela, eta bertze arlo eta eremuetan ere eragin beharra dagoela. Garbi izan behar dugu, halaber, egiazko aldaketak, sakonenak jendartean ematen direla eta horietan erakundeek erraztaile edo sustatzaile gisa jokatu badezakete ere, herri-mugimenduak berak, herriaren muinetik eraginkortasun eta askatasun handiagoa izan dezakeela horretan eragiteko. Eta hori erranda, gehientsuena errana dagoela uste dut; hau da, erakundeek, kasu honetan baztango udalak, eraldaketa horren norabidean aritu behar dute, erraztaile eta sustatzaile gisa, beren buruak berreginez eta erakundetze berri bati bidea emanez herriak bere burua gobernatzeko erakundeak izan daitezen. Baina horrek, herri bizi bat eskatzen du, politikoki konszientea, heldua eta hezia. Lan hori egiteko udalak marko egonkor bat eraiki dezake, herriko indarrak egitasmo burugabeak geldiarazteko dinamika ahigarri baterat bideratu beharrean, prozesu sortzaile eta eraikitzaile batean murgiltzeko. Modu berean, udal berria inertzietan ez erortzeko eta herriaren agindu eta zerbitzurat egoteko, beharrezkoa da udalgintzan herritarren eta taldeen autonomiatik eragitea. Taldeek eta herri mugimenduak ere bere agenda behar du, ez da ardura instituzionalarengatik eta udal kudeaketak aldika eskatzen duen pragmatismo eta errealismoarengatik etengabe baldintzatua egoten ahal, horrek herri-mugimendua bera desaktibatzea edo neutralizatzea ekarriko bailuke. Tentsio autokritikoa mantendu beharra dago.

Guzti honetan, hala ere, arrisku handienetako bat herri-mugimendua hustutzea izan daiteke, fisikoki hustutzea, jende anitzek modu baterat edo bertzerat udal gobernuan parte hartu beharko duelako. Puntu horretan oreka bat aurkitzea erronka kolektibo bat izanen da. Horren haritik, gerta liteke ere, erakunde berrietan erabateko konfidantzarengatik delegazionismo suntsitzaile baterako joera nagusitzea, eta eraldaketa prozesu guztia barnetik higatzea.

Bertzalde, gazte belaunaldi oso batendako lehen aldia izan da bozkatzeko aukera izan dutena. Gainera euretako batzuk udal gobernuan ikusiko dituzte. Bazterketa eta ukapen egoera batetik etortzeak, beharbada erakundeekiko soberako lilura piztu lezake, atzendurik erakundeen mugak zein izan daitezkeen, eta momentu jakin batean hortik etsipena  eratorriz. Nahiz eta modu berean, ilusio horren testuinguruan udaletxeari beldurra galdu eta udal-dinamikaz jabetzeko ere balio dezakeen abaguneak, horrela udala herritartuz eta gaztetuz, eta herriaren zerbitzuko eginez.

Dudarik gabe, hau askapen prozesu bat da, kolektiboa; gauden errealitatetik abiaturikoa, bere konplexutasun guztiarekin. Eztabaida eta gogoeta inoiz baino beharrezkoagoa izanen da; beti gogoan izanez gure helburua errealitatearen sakoneko eraldaketa dela, eta ez sistema zuritzea edo azaletik erreformatzea aurpegi gizatiarragoa eskainiz.  

JOSEBA OTONDO BIKONDOA
ELIZONDO

 



[1] Herri programaren ardatzak http://arranbela.blogspot.com/p/dokumentuak.html
[2] Biehl, Janet eta Bookchim, Murray, (2009) Municipalismo libertario. Bartzeloan: Virus
[3] Engels, Friedic (2010) El origen de la familia, la propiedad y el estado. Madrid: Publico

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina