2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

ELKARRIZKETA

Erabaki ahalmenak eta gizartea antolatzeko esparrua batzarreak izatea  herritarrari burujabetza emanen lioke”

Baztango erakundetzearen inguruko gogoeta aspaldi abiatu genuen Metazirin. Jendarte berdinzale eta aske bat eraikitzeko bidean  baztango herrietako batzarreek  eta Batzar Nagusiak  erabilgarritasun handia dutelakoan gaude. Gauzak horrela, Xabier Torresekin solastatu gara, Elizondoko Herriko  zinpeko alkatearekin.
 
(15. Metaziri-n argitaratutako elkarrizketa)

1.- Gaur egun batzarreek ze erabilgarritasun dute Baztanen? Nola ikusten duzu batzarreen egoera? (konpetentziak, parte hartzea, alkateak izateko zailtasunak…)

            Gaur egungo zenbait erranen arabera, Batzarrearen (eta honen ordezkari den alkatearen) oinarrizko ardurak dira, salbuespenak salbuespen, ospakizunen antolaketa, urak, hilerriaren kudeaketa eta zerga batzuen kobrantza. Ordenantzek konpetentzia hauek soilik aitortzen dizkiote batzarreei, urrunago joateko gonbitarik egin gabe zaharkituak egotera kondenatzen dituzte, baina jendartearen eskaera, ez munduko xoko hontan bakarrik, bertze bat da. Izatez, Herriko Batzarreak, interes komunekoak diren gaien eztabaida gune bezala agertzen zaizkigu, siglarik gabe politikan aritzeko gune ireki gisa, eta sortzen diren kezkak goitiago dauden instantzietan jakinarazteko edo salatzeko erabili izan ditu baztango herritarrak, gutienez azken 35 urteetan. Azkeneko adibideak ditugu Foruzaingoaren Komisaldegiaren harira sorturiko mugimenduak Elizondoko Batzarrera jo izana, Erdizeko auzia, Aroztegia… Hauek ezagunenak dira baina badira bertze zenbait. Azken urteetan, batzarreetako asistentzia orohar eskasa izan bada ere, herrien eta herritarren integritatea asaldatu duten gai hauek Batzarreak biziberritu dituzte, jendea mugituarazi dute, batzartuarazi dute. Era berean, azken urteetan Herriko Alkate berriak eta gazteak animatu direlako belaunaldi aldaketa gauzatu da, eta tresna hau erabiliz (eta balorean jarriz) aldaketarako grinaren txinparta ekarri dute. Batzarreak eta Herrietako Alkateak garrantzia hartzen ari dira. Bide berean, Batzar Nagusiko kideen ordezkapena eman da eta Ordenantzen berritze partziala kontuan hartzen badugu, pixkanaka-pixkanaka bertako egitura administratiboa indartzera goazela dirudi… Edo asmoa existitzen dela bederen!
            Dena den, altxaferoak botatzen hasi baino lehen, kontutan hartu behar dugu gaur egungo egoera egituratzen duten faktoreak pisuzkoak direla…

 


2.- Zeintzuk dira, hortaz, egungo egoera egituratzen duten faktoreak?
 
            Azken urte luzeetan bertakoa dugun egitura administratibo hau ahulduz joan da. Zuzenki eragin diote administrazio lokalaren (udaletxearen) bazterketa historikoak, gizarte antolamendurako eredu bertikalek, eta nola ez, jendartearen amerikanizazioak, indibidualismoak… produkziora bideratutako haragi puskak izateak, animalia politiko izatetik bereizi gaitu, eta kontzientzia komunitarioa hirugarren planora pasatu da gure ardura-eskalan… Organu politikoen eta jendartearen arteko urrunketa handitu egin da, eta arduradun politikoek deus gutti egin dute herritarra erabakien partaide izateko…

            Jarrera sistematiko eta iraunkor honen emaitza, Batzarrea ia bitxikeria erromantiko-folklorikoa bihurtzea izan da. Herritarra eta exekutiboaren arteko zubia izan beharko lukeena, edo hobe, udal kudeaketaren iturri izan beharko lukeena, balio praktiko eskaseko aztarna bihurtzea eragin du. XXI mendean berritu diren Ordenantza hauetan, oraindik, Batzarrearen eta Herrietako Alkate-Juratuen inguruan indefinizioa eta ardura espezifiko eza nabarmentzen da. Mesfidantza eta ausardia falta direla-eta, ez da Batzarrea, Alkate-juratuak eta Batzar Nagusia beren ahalmen eta aukera guziekin udal kudeaketaren ezinbertzeko osagarri egiteko apostua egin.

3.- Oraingo egoeratik abiatuta, norat abiatu beharko lirateke batzarreak? Zein litzateke etorkizuneko egoera ideala? Herriek eta Baztanek osoki batzarreen bidez eta Batzar Nagusiaren bidez funtzionatu lezakete?

             Egiazko demokrazia dela iduritzen zaidan neurrian funtzionatu dezakeela sinesten dut, baina hortarako prozesu luze bat beharrezkoa dela ikusten dut, etengabea eta progresiboa, momentuoro egituraren eraginkortasuna sendotu beharko duena.

            Lehenik eta behin, baztandar guziei jakinarazi behar zaie Baztanek duen berezitasun administratibo eta organizatiboa, eta parte hartze zuzenak gure etorkizunerako duen garrantzia. Kultura aldaketa bultzatu behar da, norbanakoan interes eta ardura komunitarioa sortzeko.

            Batzarrea, udal kudeaketarako bitarteko eraginkorra izan beharra da –herrietako beharren identifikazio eta konponbiderako, udal aurrekontuen elaboraziorako iturri…- eta hortan zer erran handia du udalak. Batzarreen eta Batzar Nagusiaren eraginkortasuna ezin da egon momentuko korporazioaren borondatearen baitan, Baztango instituzioen arteko harremana arautzeko Ordenantzak daude, eta hauek garatu behar dira Udala, Batzar Nagusia eta Herrietako Batzarreen arteko funtzionamendua artikulatzeko, udal kudeaketa parte hartzaile iraunkorra osatzeko.

Afera partikularragoak direnetatik (ez dakit ze pistako zuloak konpontzea, ez dakit nongo bankua jartzea, herriko landaketa garbitzea, herriko ur edo hilerriko arazoak...) interes orokorragoetakoak diren kontuetara (aurrekontuak, komunalen kudeaketa, baztandar guziei eragin gaitzaketen erabakiak...), Herrietako Batzarreek eta Batzar Nagusiak zer erran handia dute. Ez dira Baztandarroi berezi egiten gaituen produktu historiko/apaingarriak, kontzientzia komunitarioa izanen duen jendartea garatzeko egiazko tresnak baizik. Hauen lanketa, serioski hartu beharreko ardura bat da, batez ere garai hauetan, lurralde honen etorkizuna bertatik zizelkatu dadin, ekimen inportatuak nagusitu gabe.

Batzar Nagusiko kideen formazioa, jendartearen heziketa, Ordenantzen eguneratzearen jarraipena, Herrietako Alkateendako Zinegotzia… pausoz pauso egiteko lan aunitz dago, baina ziur nago Baztanek sorpresa aunitz dituela emateko!

4.- Venezuelan egona zara eta bertako Kontseilu Komunalen bidezko antolamendua ezagutzeko aukera izan duzu. 2008an, halaber, Kontseilu Komunalen legea onartu zuten. Zer ikasi daiteke bertatik, baldin eta zerbait ikasterik baldin badago?

 
Venezuelan egon ginelarik, Andeetako eskualde bat osatzen zuten herri batzuk bisitatu genituen. Herri handienaren izenaz oroitzen naiz: Mucuchíes. Kontseilu Komunalak (batzarreak) aintzat hartzen zituen politikak etorri aitzinetik, eskualdea antolatu gabe zegoen eta egoera penagarrian. Kontseilu Komunalen Legearen bidez, Andeetako biztanle hauek aktibatu egin ziren, antolatu, gobernuak bertako Kontseilu Komunalari baliabide ekonomikoak eman zizkion, beren burua antolatzeko irizpideak eta aholkularitza. Horrela, arras denbora gutxian eskualdeko kutxa sortu zuten herritarrei mailegu egokituak emateko, zerga sistema autonomo bat ezarri zuten, haur eta gazteen hezkuntza bermatu, emakumeendako lana sortzeko landetxeak bultzatu zituzten (Mucuposadak), nekazaritza indartzeko ureztatze sistema komunala eraiki zuten auzolanean, hiriaren eskaerari erantzun aproposa emango zion harreman komertziala landu zuten, herrien arteko garraio sistema antolatu... Bi urte eskasetan Mucuchíes inguruko paisaia sozial eta ekonomikoa irauli egin zen Kontseilu Komunalen bitartez. Lehenago gertatzen ez zen bezala, haien beharrak identifikatuak eta asetuak izan ziren laguntza pixka batekin eta autogobernuaren bidez. Nere lagun hiritarrek ez bezala, gure eskualdea haienarekin alderatzen eta identifikatzen nuen eta ezin nuen berdintasunak ikustea sahiestu… Itxaropena ematen zidan. Posiblea dela agerian zen.

Hori bai, ez dugu atzendu behar hura Venezuela zela, eta gu Europa mendebaldean gaudela, haiekin alderatuta gibelapen demokratiko izugarria omen dugu, eta arrazoi dute…

5.- Zer balorazio egiten duzu berriki onartu diren Ordenantzei buruz? Elizondoko Herriko batzarrak ezezko bozka ematea erabaki zuen…

Berriki onartu diren Ordenantzak gaur egun dagoen egoera instituzionala isladatzera mugatu dira.

Herri Lurrak kudeatzeko gaia aunitz jorratu da, eta emaitza, beharrezkoa zen araudi berritu bat da, dudarik gabe baliogarria izanen dena. Baina, hala ere, Haraneko Antolakuntza Administratibo berezia galtzera kondenatua utzi da. Ordenantzetan, dokumentu hau udal kudeaketan parte hartzea indartzeko tresna baliogarria izan nahi duela azpimarratzen bada ere, artikulatuan ez da asmo hau gauzatzen, izan ere,  Baztango antolakuntza administratiboari dagokionez, Alkate-juratuen eta Junteroen izendatze prozesua hobeki definitzen da, Batzarreetan parte hartzeko behar diren baldintzak zehazten dira eta hauek deitzeko eman beharreko pausuak finkatzen dira: dagoena zehazten da, baina zegoena ez da garatzen. Ez da deus ere aitzinatzen.
 
Nire iritziz, kapitulu berri bat sortu beharko litzateke, Baztango udalak Baztango bertze instituzioekin izan beharreko harremana eta betebeharrak artikulatuko lituzkeena, eta nola ez, udalerriaren kudeaketan parte hartzeko Alkate-Juratuak edukiko dituen eginbeharrak definituko lituzkeena. Adibidez, herri bakoitzeko beharrak identifikatzeko obligazio arautua sor zitekeen (ez dago), edota Batzar Nagusian onestea posible eginen lukeen udal aurrekontuen konfekziorako pautak ezarri.

6.- Batzarre bidezko antolamendua jatorrian eta historikoki jendarte komunalei dagokie, klase gabeko jendarte berdinzaleei. Oraingo klase gizartean, interes kontrajarri eta antagonikoak dauden gizartean, zein toki eduki dezakete Batzarreek?

 
Batzarrea, jendarte antolaketarako arras tresna modernoa dela iduritzen zait, alternatiba indartsuena eta akaso bakarra baita.

            Ikuspuntu orokor batetik begiratuz, gure gizartea eredu bertikalean antolatua dugu: goitik behera markaturik heldu zaizkigu hartu beharreko jokamoldeak eta lehentasunak. “Herritarren hitza ordezkatu” eta “herritarraren intereserako” lanean aritzea oinarria duela dion klase politikoak hartzen ditu guri eraginen dizkiguten erabakiak, modu paternalistan, gu ordezkatuz, gure gabeziak zeintzuk diren identifikatzen jakinen ez bagenu bezala…  baina han goian dagoen politikoa ez da herritarraren interesak defendituko dituen ordezkari bat, kapital metatzaileen zerbitzura bihurtu den figura bat baizik: estatuko presidentea,  foru-komunitatekoa, alkatea… Guztiak sistemak xurgaturiko elementuak dira, ia alternatibarik gabe sistemaren zerbitzura lan egiteko tresnak bilakatuta daudenak. “Ezkertiarrak”  direnak ere konbentzituak daude, pixkanaka-pixkanaka, erreforma ttikien bitartez gizarte berdinzalea lortzeko bidea eginen dela, ongizate maila handituko dela… Baina, gaur egun bereziki modu argigarrian errealitateak hori gertatzen ari denik ez digu erakusten,: “katakrak” meatxuaren bidez halako “shock doktrina” bat ezartzen da, honen bitartez gizartea etengabeko espiralean sartzen ari da eta estatu-politikak langileria babestu beharrean kapitalari laguntza ematen dio, espekulazioari hegalak ematen zaizkio… egiazko agintaria kapitala baita. Herrietatik, herritarengandik abiatutako erabakiek ez lukete hau gertatzen utziko.

Baztan ere mundu honetan bizi denez, ondorio berdinak jasaten ditu. Adibidez, langabeziaren kontrako ezinbertzeko botika gisa saldu nahi da Erdizko proiektua, multinazional batek gure komunalean egin nahi duen 60Ha-ko harrobia, edo zerutik eroritako salbazio gisa aurkezten zaigu Caixa Galiziak Aroztegia inguruan egin nahi duen ekimen inmobiliarioa…  Zer paper duten batzarreek guzti hontan? Hasteko, kanpoko interesetatik nahiz interes partikularretatik heldu diren proiektu erraldoi hauen aitzinena euspen pareta izan daitezke; oinezkoek, herritarrek, ekimen hauen eragina beren larruetan sentituko dutenek, azken hitza, gaitzespena edo onespena emateko izanen duten eremua da Batzarrea.

Baina ez hori bakarrik. Batzarre bidezko eraketa eta ondasun komunalak eskutik dabiltza. Nekazal-Artzain jendarte historikoetan lurra oinarrizko produkzio bitartekoa zen, lurra komunala zen, eta batzarre bidez kudeatzen zen. Baztanen, uraren eta hilerrien erabilera gaur egun Batzarre bidez arautzen da, hauek zerbitzuak dira, baina komunalen kontzeptua gaur egungo bertze esparruetara hedatzeko saiakera egin daiteke, oraingo produkzio bitartekoetara adibidez; hauek beharren araberako ekimenak lirateke, eta etekinak baleude interes komuna izanen lukete onuradun, behar eta proiektu produktibo berriak elikatzeko eta abar.

Prozesu baten bidez, erabaki ahalmena eta gizartea antolatzeko esparrua batzarreen planora eramateak herritarrari emanen lioke burujabetza, herriaren garapen natural bat ekarriko luke. Ez dugu beldurrik eduki behar, gizarteak aitzinera joateko bidea harrapatuko baitu beti.

7. Elizondoko alkate gisa bigarren legealdia eginen duzu, orain artiokoaz zer azpimarratuko zenuke? Elizondo bezalako 3000 biztanleko herri batek batzarre bidez funtzionatu dezake? Ze egin beharko litzateke horretarako?

Orain artiokoa, aitzinetik aipatu dudan ametsera ez da hurbildu ere egin, baina aldaketa kualitatibo batzuk eman direla uste dut. Alde batetik, erreleboa. Oraintxe, ni eta 11 kargodun gazte eta langile gaude Elizondon eta hauetarik denak edo gehienak elkartzen gara gutxienez astean behin. Beti bada zerbait.  Bertzalde, Herriko Etxeak kudeatzen dituen afera desberdinak eguneratu ditugu, kontuak eramateko modua informatizatu da, hilerriko gaiarekin berdin, etxesariaren problematika errebisatzen ari gara, herriarendako baliabide berriak lortu dira egoera ekonomikoa hobetuz, eta nork daki! Agian, laguntza gehixagorekin lana sortu edo produkzio bitartekoren bat martxan jartzeko ahalmena izanen dugu noizbait! Azkenik, nabarmendu nahiko nuke, gure jokabidea gizarte eragileekin, ahalik eta herritar gehienekin, ahal bezain kolektibo gehienekin kontatzea izan dela, denek osatzen dugulako herria. Herriko zati izatearen sentimentua bultzatzeari garrantzi handia eman zaio eta emaitzak bistakoak dira, inplikazio maila haundia dagoela uste dut.

Espero dut, hemendik aitzinera Batzarreetan hartutako erabakiek udaletxean isla izatea, batzarreei garrantzia eta sinisgarritasuna emanen litzaieke, eta herritarren artean parte hartzeko gogoa piztuko litzatekeela pentsatzen dut.

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina