2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

NON BILTZEN GARA GAZTEAK?
(15. Metaziri-n argitaratutako testua)
 
Gazteok gure aisian elkartzeko, geronek antolatzeko eta ekimenak garatzeko espazio fisikoen beharra aldarrikatu ohi dugu. Testu honen helburua, Elizondon gazteon erabilerarako dauden espazioei buruz gogoeta egitea bertzerik ez da.

Gazte guztiok arlo pertsonal nahiz kolektiboan garatzeko gure artean antolatu, eta gure aisiaren jabe izateko beharra eta ahalmena badugu; gizarte ereduak ordea, justu kontrakoa bultzatzen duela uste dut: indibidualismoa.
 
Erabiltzen ditugun espazio hauen inguruan gogoeta egin aitzin, beharrezkoa iduritzen zait gaur egun dugun bizitza ereduan, gazteon garapen pertsonal eta kolektiboan negatiboki eragiten duten zenbait faktore edo eragile aipatzea. Izan ere, gizarteak banakoen erabakian eragin zuzena duela uste baitut. Baita elkartzeko egiten ditugun hautuengan ere.

Gazteon garapen pertsonal nahiz kolektiboan negatiboki eragiten duten faktore sozialak

- Ikasleak garen aldetik, europar unibertsitate eredu berriak (Bolonia) gurasoekiko sortuko digun dependentzia ekonomikoa.

- Kontrol soziala eta bakartze pertsonala helburu duten komunikazio kanalen gehiegizko erabilera: egunerokotasunean “beharrezko” bihurtu ditugun mobila, twenti, facebook (jendearen perfilak egiteko CIAk sortua)… Hau da, zuzeneko harremanen guttitzea.

- Droga legal eta ilegalen kontsumo arduragabea, bertze gauzen artean, honek, gehienetan inplikazio sozialaren guttitzea dakar.

- Lan munduan era duinean integratu ahal izateko ezartzen zaizkigun mugak. Hondar bi urte hauetan gazteon langabezia bortizki igan da.

- Edozein arlotan gazteok sistemaren kontra edo sistemarengan eragiteagatik ezartzen zaizkigun traba, isun eta zigor administratibo nahiz penalak.

- Lehiakortasuna eta norberekoikeria etengabe saltzen digun boom mediatiko eta publiziatarioa, hau da, erosten badugu, bagara: hondar modeloko autoa,  mobila, etxea… Azken finean, hein batean, gure harremanak honek mugitzen ditu.

- Egun jasaten dugun etxebizitza politika ere gazteon ahalmenaren gainetik dago.

Guzti honek, hau da, jendarte ereduak (bakartze eredua deitzea egokiagoa dela iduritzen zait) gazteok elkartzeko eta antolatzeko dugun “behar” sentimendua anulatzen duela uste dut, baita gure erabilerarako espazioak bilatu eta sortzeko espazioak ere.

Gazteok indibidualtasunean bizitzera bultzatzen gaituzte, eta, hortaz, gure garapenean negatiboki eragiten duela uste dut.

Hala ere, gazteriak badu elkartzeko eta harremanak izateko espazio fisikorik aukeran. Ondoren batzuk aipatuko ditut; bi multzotan sailkatuko ditugu:

 1/ Administrazioak eskaintzen dizkigun espazio fisikoak:

- Kirol instalazioak: Kirol instalazioak ugariak dira Elizondon eta inguruetan, pilotalekuak, igerilekuak, futbol belagiak, lasterkan aritzeko pistak, rugbyan aritzeko belagia, eskubaloian jolasteko…

- Gazte lekuak edo gazteriaren etxeak: Baztanen horrelakorik ez badugu ere, interesgarria iduritzen zait hau aipatzea Nafarroan hauetako batzuk badaudelako. Espazio fisiko hauetan gazteon aisialdia betetzeko zenbait aukera eskaintzen dira: tailerrak, erakusketak, ikastaroak… Gehienetan, hala ere, helburua ez da gazteen partehartze aktiboa sustatzea, gaztea eskaintza jakin baten hartzaile soila bihurtzea baizik. Gazteak ez du jarduera horien antolaketan esku hartzen eta ez da arduren banaketa ematen, ez etxearekiko (garbiketak, konponketak…), ez jarduerarekiko ere. Ardura hauek, orokorrean, kontrataturiko langile batzuen esku gelditu ohi dira.

Hala ere - eta talde honetan sartuko ditut -, badaude kasu bereziak, Atarrabiako Gazte lekua adibidez. Gaztetxe bat edukitzeko sortu ziren trabat tarteko, eta udaletxearekin akordio batera iritsita, gazte eragileen ordezkaritza zabal batek (gazte asanblada, boy scout taldeak…) euren jarduerak gauzatzeko egoitza baten beharra ikusirik, Gazte Kontseilua sortu eta estatutu bat osatu zuten, udaletxeak gazte teknikari bat kontratatu (honek koordinazio eta orientazio lanak egiten ditu soilik, erabakiak batzarreen bidez hartzen dira), eta egun, Gazte Lekuko jarduerak Kontseiluak eta udaleko teknikariak eramaten dituzte elkarrekin.

Atarrabiako adibidea aipatzea interesgarria iduritzen zait, zeren dagoeneko ditugun ereduak aldatu eta lekuan lekuko errealitatera egokitu daitezkeela argi erakusten baitu.

- Liburutegia: Aukera hau, aipatuko ditudanetik guttien erabiltzen duguna dela erranen nuke. Gazteok ez dugu espazio honekin zerikusia duten eta gure intereserako izan daitezkeen jarduerak egiteko erabiltzen. Izan daiteke liburutegian erakargarriak egiten ez zaizkigun eskaintzak daudelako edota ez dugulako egoitza hau gazteondako erabilgarri izan daitekeenik uste. Horrekin ez dut erran nahi liburutegiaren erabilera gugan sustatu behar ez denik/ dugunik.

2/ Administraziotik kanpo dauden espazioak (batzuk geronek sortuak):

- Ostatua: Espazio hau erabilienetakoa dela erranen nuke, honen funtzioa kontsumoa da, baina, horrez gain, inguruko jendearekin harremantzeko erabiltzen dugu.

- Gaztetxeak: Honen funtzionamendua tokian tokiko ahalmenaren arabera aldatu edo egokitzen da. Hala ere, gaztetxe guztiek gauza batzuk komunean dituzte: gaztetxeak geronek sortzen ditugu, eta batzarre bidezko antolamendua dute. Oinarria autogestioa da, eta, hortaz, partehartze aktiboa dago. Etxea gazteon ekimen desberdinak aitzinerat eramateko tresna bilakatzen da. Gazteon autoantolakuntza eredu honek etxearekiko nahiz auzoarekiko ardura sortzen du. Horrez gain, geronen akats eta esperientzietatik ikasteko aukera dugu. Alta, batzuetan, dinamika, mugimendu edo motibazio faltagatik eta herrietako gazteon antolaketa beharraz sentsibilizatzeko lanketa ezagatik, gaztetxeen kudeaketa gazteon sektore ttiki baten esku gelditzen da soilik.

- Garajeak, alokatutako pisuak edo elkarteak: azken urteotan, gazteoi dagokigunean, joera berri batek hartu du indarra Elizondon, eta, hori, kuadrillaka pisuak nahiz garajeak alokatzea da (badago elkartea eraikitzen duenik ere). Erran behar da, akaso, baztango  bertze herrietan ematen ez bada ere, Elizondon kuadrillak garrantzi sozial handia duela. Joera honek agerian uzten du gazteok elkartzeko dugun espazioen beharra. Espazio hau aipatu dugunetatik “intimoena” dela erran daiteke; elkarren artean zerbait komunean duten eta identifikatuta sentitzen diren hurbileko gazte talde mugatuak daudelako pisu bakoitzean, orokorrean solasteko, egoteko edo harremanetareko.

Etxearekiko ardura banaketa ematen da pisuetan: garbiketa, diru kontuak… Baina erantzunkizunak hortara mugatzen dira, eta ez dira inolako jarduera edo tailerrik egiten, eta, horrez gain, gure presentzia kalean desagertzen da. Zentzu horretan, interesgarria iduritzen zait Elizondon dauden pisu eta garajeetako harremana sustatzeko saiakera egitea, adibidez, tarteka denak bilduz komunean ditugun kezka, arazo, eta gogoei buruz eztabaidatzeko; zeren, horrela, hauen inguruan jarduerak garatzeko aukera suerta zitekeela uste baitut, bidenbar, gure antolakuntza ahalmena indartuz.

Espazio guzti hauek (gehiago ere egon badaude) gaztearen garapenerako baliagarriak direla uste dut, bata bertzearekin bateragarriak izan daitezkeela funtzio desberdinak betetzen dituztelako ditugun behar desberdinak asetuz. Bakoitzari bere etekina atera behar diogu. Hala ere, uste dut kontu handiarekin ibili behar dugula espazio hauei ematen diogun erabilerarekin.

Gure artean elkartzeko, eskura ditugun espazioen funtzionamendu eredua tokian tokiko gazteon behar eta ahalmenetara egokitu eta aldatu daitekeela gogoan eduki behar dugu, baita funtzio desberdinak dituzten espazio alternatiboak sortzeko dugun ahalmena ere. Nola ez, betiere, gure aisia geronek kudeatzeko dugun gaitasunaz ahaztu gabe.

“Bakartze” ereduak saltzen dizkigun indibidualismoaren gainetik gazteok elkartzeko, harremantzeko eta antolatzeko beharra izaten jarraitzen dugulako.

ITZIAR TORRES LETONA
ELIZONDO  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina