2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

EUSKALDUNA NAIZ ETA HASERRE NAGO!
(15. Metazirin argitaratutako testua)
 
Zer pentsatuko zenuke pertsona batek erranen balizu, bera sortu, bizi eta lan egiten duen herrian ez duela bere hizkuntza solastatzen ahal?  Agian, hirugarren munduan bizi den pertsona bati buruz ari garela, ezta? Eta eskubideak urratzen diren herri bati buruz ari garela. Bada, gure herrian, ez da modu hain erradikalean, baina, pasatzen da.  

Gaur ez naiz administrazioari buruz arituko, hor ere bertze liburu bat idazteko baitago: diru laguntza eta partida exkaxak, eskubide urratuak, diskriminazioa, zailtasunak... 

Dena dela, Hizkuntza bat ez da normalizatzen ahal herri mugimenduaren ahaleginarekin bakarrik eta modu berean, ez da inoiz hizkuntza bat normalizatuko instituzioen ahalegin hutsarekin, guztion konplizitatea beharrezkoa da.

 
Baina gaurko honetan, herriaren, erabileraren eta gure borrokaren inguruan hausnartu nahi dut. Guk, herriak, sortu eta berpiztu beharreko erabilera kontzientzia  eta ez bertze inork. Azken finean, herria da gorputza eta hizkuntza bihotza.

Ez dut uste ene hizkuntza bertzeak baino hobea edo txarragoa denik, nire hizkuntza  eta nire herriarena dela baizik. Ni euskalduna naiz, ttipitatik euskara erabiltzen hasi nintzen, ene ama hizkuntza. Urteak pasatu ahala, hizkuntzaren ezagutza jasoz joan nintzen eta gaur egun berau solastatzera eramaten nauena motibazioa da. Gure hizkuntza zaintzera eta mantentzera bulkatzen nauen motibazioa. Baina, ohartu gabe, bertze hizkuntza bat ikasi nuen paraleloki, nire ingurune hurbilean eta telebistan jaso nuen hizkuntza, honek ere, euskaran bezala, bere prozesua izan zuen, hau da, lehenbizikoa erabilera, bigarrena ezagutza eta hirugarrena berriz motibazioa? Ez dut uste, inposizioa edo beharra erranen nuke nik. Hala ere, kontent nago, eta zortea daukat elebiduna naizelakoz eta bere garaian, motibazioak berak, hirugarren hizkuntza ikastera bulkatu ninduen, enetako, eleanitza izatea, aberastasunaren seinale delakoz eta jende gehiagorekin komunikatzeko aukerak izatea gauza guztiz positiboa dela pentsatzen dutelakoz.

 
Txikitan, egoera gaur egun baino aski zailagoa zen, euskaraz ikasteko borrokatu behar izan genuen, ez genuen erakin ofizialik eta bailarako alkateak zailtasunak eta oztopoak bertzerik ez zituen jartzen guk gure hizkuntzan ikasi ahal izateko. Hortik, gure protestak, alkatearen etxerat kantatzera, karriketan klaseak jaso, manifestazioak... ni ez nintzen jabetzen, naturaltasunez bizitzen nuen egoera hori, umeetatik borroka horretan sartua izan nintzen. Egun, nahiz eta egoerak hobera egin, normaltasunerat iristeko bide luzea falta da, gure hizkuntza ez da normaltasunez bizitzen ahal eta hori dela eta, euskaltzaleok oraindik, gure egunerokoan borrokan dihardugu. Gure hizkuntza ofizialtasun osoa izateko eta eguneroko erabileran normaltasunez bizi ahal izateko.

Anitzetan jendeak ez nauela ulertzen pentsatzen dut. Euskara solastatzen ez dutenei buruz ari naiz, beraien hizkuntza normaltasun osoz solastatzen ahal dutenei buruz. Solastatu ahal izateko borrokatu behar ez dutenei buruz eta egoera ez normal hau ikusten ez dutenei buruz. Ez dakite hizkuntza bat mantentzeko eta normalizatzeko borrokatu behar izatea zer den. Ez dute ulertzen ahal, beraiek lan hori betidanik egina izan dutelakoz, beraien hizkuntza da eta kitto! Ez dago zer eztabaidatu, gu, berriz, momenturo , gure egunerokotasunean hori lortzeko lanean ari gara.

Hainbatek egoera onartzen dute, eta egoera ez normal hori normaltzat hartzen dute, bertze batzuek, aitzitik, jada, normaltasunez ikusten dugu gure hizkuntzan bizi ahal izateko eskubidea egunero aldarrikatu behar izatea. Zer nolako paradoxa ezta?

Txillardegiren teoriak erraten duen bezala, hiru euskaldun gehi gazteleradun bat berdin lau erdaldun. Zoritxarrez hori ez da mito bat, hori egia da.  Hiru elebidun bere kabuz ari badira euskaraz eginen dute eta gazteleradun horrek bere kabuz erdaraz, beraz, %75a euskalduna da eta %25a, berriz, gazteleraduna. Lauak elkarrekin, ordea, erabileran, %100 gazteleradun. Gazteleradun horrek indar handia du gure gain, gure inguruan, gure egunerokotasunean, lagun artean, arlo sozio-ekonomikoan, administrazioan, hizkuntza paisaian eta abar. Ostatuetan, dendetan, karriketan... edozein lekutan edo edozein momentutan jendea aditzea  bertzerik ez dago errealitateaz  jabetzeko, badago euskaldunen artean ere gazteleraz aritzen direnak. Eta hemen dago lehen aipatu dudan motibazioa eta kontzientzia, egun, aski galdua dagoena gure inguruan. 

Zenbat aldiz eta zenbat lekutan egon behar izan dudan ere ez dut zenbatzen ahal, euskarazko dokumentuak eskatuz, euskarazko zerbitzua ematen ahal didan langilea non dagoen galdetuz… puf, batzuetan nekagarria, bertzeetan frustragarria eta hainbatetan berriz amorragarria.

Beno, eta jasotako erantzun txarrak zer?

“Habla en cristiano”, “oye niña a mi en castellano” “¿joder toda la cena en euskera… que coñazo no?” “¿Si sabéis que no entiendo euskera, por que no hacéis en castellano?” Eta nola ez, “noentiendotarrak non-nahi, beraien erantzuna beti no entiendo izanen delarik, egun on erraten badiezu ere... erantzuna no entiendo... Batzuetan, inspiratua bazaude behinik behin, erantzun eder bat bota eta gustura geratzen zara, baina, anitzetan, horrelako zerbait aditzerakoan lur jota gelditu eta gazteleraz egin behar! Doike honek badu bere ondorioa,  jenio txarra eta frustrazioa barnerat... eta gorputz txarra guretako. 

BAINA,

zertaz gertatzen da hori? Zertaz sentitzen gara gaizki gure herrian gure hizkuntzan aritzeagatik? Zertaz gara gu edukazio txarrekoak euskaraz egiteagatik? Zertaz planteatzen dugu guk afera? Zertaz sentitzen gara ezeroso gure herrian gure hizkuntza erabiltzeagatik? Zertaz egin behar dugu guk beti gazteleraz?

Anitzetan, gauza sinpleena eskatu behar dugularik, hau da testuinguru erraz batean gaudelarik, erosketak egiten adibidez, edo ostatuan eskatzen, herrian edo leku ezezagun batean, euskaraz egin eta gazteleraz erantzuten badigute, segituan beldurtzen gara, ez diogu geureri eusten, txipa aldatu eta gazteleraz eskatzen dugu. Pertsona horrek nola landuko du ulermena sekula euskaraz egiten ez badiogu? Ezta testuinguru erraxenean ere, azken finean bere lanean dago, suposatutzat ematen dugu lanpostu hori ongi menperatzen duela, laneko hiztegiaren ezagutza, zenbakiak ikasi eta jarrera on bat bertzerik ez da beharrik bi txistor eta lau haratze xerra saltzeko... edo bi kaña eskatzeko... edo galtza batzuk erosteko... Ez duzue uste? Guk beti gazteleraz egiten badiogu, ba.... hor dago, sorginaren zirrika, beti bueltaka eta inorat iritsi ez.  Guk euskaraz egiten ez badiogu, berak sekula ez du ikasiko, ez du ulermena landuko, ez du inongo beharrik sentituko, ezta motibaziorik ere.

Badago hemen bizi den jendea eta ez duena sekula euskararik ikasi, benetan uste duzue pertsona hori gai ez dela hizkuntza ikasteko? Jaus ere ulertzen ez duela? Jendeak ez du EGA maila eduki beharrik badakien pittin hori praktikan paratzeko, testuinguru errazetan hasi eta poliki-poliki trebatzen joan beharko du ezagutza handia lortu arte, baina ez badu erabiltzen? Nola? Eta guk gainera ez badugu berarekin sekula erabiltzen? Ba aise zailago oraindik! 

Gure inguruan, badago ulermena ongi landua duten pertsonak, euskaraz errandakoak ongi ulertzen dituztenak, baina, zaila egiten zaigu bi hizkuntza desberdinetan elkarrizketa mantentzea, hau da, batek euskaraz egin eta bertzeak gazteleraz erantzun, nahiz eta biok elkarrizketaren haria ongi ulertzen egon, azkenean euskalduna da gazteleraz egiten duena. Zergatik ez da bertzea euskaraz egiten saiatzen? Ez dakielako? Baina ongi ulertzen du? Gaizki solastatzearen beldur? Bizi osoa horrela? Eta gu beti gaztelerara pasatzen?

Beno ba, hor  dago gure borroka, guk irabazi beharreko borroka, hori da gure konpromisoa eta hizkuntzaren erabilera lanketa. Geureari eutsi behar diogu, testuinguru errazetan jendea trebatu, gozoki eta poliki solastatu, pertsona hori euskalduntzen lagundu, euskara ikasi behar duela planteatzera bulkatu eta kontzientziatu; ostatuetan, lanean, lagun artean, dendan, administrazioan, bankuan, leku publikoetan... MOTIBAZIOA eta BEHARRA sortu, bai gazteleradunengan eta baita mingainean gaztelera duen euskaldun horrengan ere. Jaus txarrik egiten ez garela ari erakutsi eta gure herrian gure hizkuntzan solastatu nahi dugula jakinarazi. 

ERABILGARRITASUNAK EMATEN BAITIO BIZIA ETA INDARRA!!!

 
OIANKO GARDE JAUNSARAS
GARTZAIN

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina