2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

MUTIL-DANTZAK ETA DIARIO DE NOTICIAS
(15. Metaziri-n argitaratutako testua)
 
Bertze urte batez Elizondoko bestak pasatu dira, eta bertze urte batez, mutil-dantzen inguruan Diario de Noticias egunkaria herriko giroa gaiztotzen saiatu da, aldika gezurrak erabiliz bertzeetan manipulazioarekin jokatuz. Testu honetan batez ere horren inguruan arituko gara, gai honek aipatu egunkarian izan duen trataeraz; nahiz zeharka, mutil-dantzaren inguruko eztabaidaz aipamen batzuk ere eginen ditugun.

 
Hedabideek jendartean duten eragina argitzeko tenorean komunikazioaren teoria desberdinak garatu dira, horietako bat: agenda setting delakoa dugu. Teoria honen arabera hedabideek publikoarendako interesa duten gaiak zein diren zehazten dituzte, hau da, arretagune informatiboa ezartzen dute, gai batzuk berrietan  bihurtzen dituzte eta bertzeak baztertzen; horrela, berriaren gainean publikoaren kontzientzia jakin bat sustatuz. Diario de Noticiaseko gure berriemailearen kasuan informazioaren arretagunearen ezarpenak aipamen berezia merezi du: egunkari horretako bestetako gehigarriaren barnean, Elizondo abizenak munduan duen hedapenari buruzko erreportaia eskaini zigun[1], edo 1953ko italiako erreportari batek Elizondoko neskei buruz egin zuen artikuluarena[2]. Iduri luke elizondokoa izanagatik ez duela bere herria ezagutzen, ez dakiela bestetan zer dagoen edo errealitatearekiko lotura guztiz galdu duela; zeren bestetako gehigarrian argitaratzeko adina berri egon baitira aurtengo bestetan. Ez bada bestak hutsera mugatu nahi zituela eta berak eraikitako hustasun horretan mutil-dantzen gaiari alimaleko ohiartzuna eman nahi ziola, bestetako gertakari garrantzitsuena bailitzan, horrela, bestetako arretagune nagusian bihurtuz. Helburua hori bazuen ez dakit zergatik egon den Santioak artio zain, zeren aurtengo Arizkungo bestetako egun nagusiko mutil-dantzetan neskek ere parte  hartu baitute; eta Baztanen herri bat izan bada usadioen eta ohituren gordailu, hori Arizkun izan da. Hortaz, gaiak halako interesa badu, aspalditik beharko zuen berri baterako gaia. Beraz, informatiboak soilik ez diren helburuak dituela pentsatzea zilegia da.

Helburu hori zein izan daiteke? ba orain artio bere idatzietan erakutsi duen moduan Elizondoko herriko agintari berriei eta Bailarako udaletxeari bizkarra berotzea, bidenabar ezker abertzaleari ere egurra emanez; mutil-dantzen gaia horretarako aitzakia bertzerik ez da. Azken hamarkadan Baztanen aldaketa sozial eta politiko nabarmenak gertatzen ari dira, eta horren arabera, kazetari honek ordezkatzen zuen ordenu soziala, non bera eta bere gisakoak goiko aldean baitzeuden, behera erortzen ari da. Horrek alimaleko buruhausteak eta obsesioak eragiten dizkio, eta argudioen bidez, eskubideak zabalduz eta protagonismo herritar berria sortuz eta eraikiz ari den errealitate hori zernahirekin erasotu nahi du, herritarrak bide/egitasmo eraldatzaile horrekin etsaituz.

Ildo horretan eta mutil-dantzen inguruan egin dituen berrien haritik, gezur eta manipulazioak erabiltzeko ez du bat ere kezkarik. Zeren gezurra baita erratea mutil-dantza “baile de hombres” dela. Mutil-dantzak, izenak dioen gisan, izatekotan “baile de mozos” baita, eta denok dakigu berak hainbertze goratzen duen jendarte tradizional horretan mutila eta gizonak ez direla guza bera. Baldintza horietan tradizioa aipatzeak ez du zentzurik, jendea manipulatzeko ez bada, zeren mutil-dantzak azken hamarkada luzeetan bere izaera galdu baitzuen eta “ar”-en dantzan bihurtu baitzen, bertan bai gizonek, baita haurrek ere dantzatzen ahal zuten. Beraz, arazoa dantzaren izena baldin bada, aspaldi huts egin zaio tradizioari. Dantzaren eboluzio aukeretako bat izan da hori,  bat ere harrigarria jakinda jendarte patriarkarrean bizi garela, hau da, emaztekiak bigarren mailako biztanletako duen jendartean. Txistularien aferarerekin berriz, titularrean “baztertu” zituztela erraten du lehengo urteko bere diskurtsoari jarraikiz, nahiz horren gaineko afera aski garbi gelditu zen bere garaian Elizondoko herriko batzarrean eta ez zen inongo bazterketarik gertatu.

Betiere, komunikazioaren teorietarat eta kazetari honen idatzietarat itzulita, aski argigarria den bertze bat “ixiltasunaren kiribila” izenekoa da, Elisabet Noelle-Neumannek proposatu zuena. Teoria honen arabera, sinpleki erranez, iritzi publikatuak iritzi publikoa ordezkatuko luke eta, horrela, herritarrek bazterketa sahiesteko ustez nagusia den iritzi publiko publikatu horrekin bat egiten dute. Kontrol mekanismo bat da, zeren gerta liteke iritzi publikatua bat izanagatik, iritzi publikoa bertzea izatea, baina horren kontzientziarik ez izatea jendebanakoek eta horregatik ixilik gelditzea. Noski gure kazetariak nesken parte hartzearen kontrako ikuspegia eta iritziak soilik biltzen baditu, ezbairik gabe hori da bulkatu nahi duena. Berrietan ez da nesken parte hartzearen aldeko iritzi edo datu bat ere heldu. Iduri luke inor ez dagoela neskak mutil-dantzetan dantzatzearen alde edo “betiko” mutil-dantzarietatik batzuk adibidez, ez dutela inongo arazorik neskekin dantzatzeko. Guzti hau aski kezkagarria eta salagarria da, zeren emaztekiak baztertzen dituen ekitaldi bat sustatzen ari baita. Horrela, Koartekozelaian gauetan dantzatzen diren mutil-dantza baztertzaileak aipatzen ditu berrian[3], argakiz lagundua, alta, plazako mutil-dantza parekide eta jendetsuen inguruan ez du deus argitaratzen. Helburua garbia da, nesken parte hartzearen aldeko iritzia ixiltzea, eta Santiago egunean dantzara atera zirenak, bereziki neskak, sektario eta inposatzaile batzuen gisan erakutsi.

Ezbairik gabe, mutil-dantzetan nesken parte hartzeak hainbat tentsio eragin ditu, ordenu sinboliko bat zartatzen ari baita, gizonezkoak nagusi  den ordenua hain zuzen. Hori aski nabarmena da, baina nabarmena da ere hori komunitatearen barnean modu neurtuan kudeatzen ari dela, kazetari honek bilatzen duen haustura giroaz kutsatu gabe. Pragmatismo kontu hutsa izan daiteke, baino oraino egituraturik dagoen jendarte batek, guttieneko elkarbizitza mantentze alderat nahiko berme eta autokontrol gaitasuna du. Alta, berrien trataeran argi gelditu den moduan kazetariak su piztaile gisa jokatu nahi izan du, giroa leherrazi eta kiribil ero bat eratu; guztiz jarrera axolagabea horrelako ardura duen pertsona batengan.

Tarrapataka idatzitako ohar hauetan pare bat kontu gehiago ukitu nahiko nituzke oraino. Bistan denez, gaiak tradizioaren eztabaida gainditzen du, azken batean eskubideetaz ari baikara, emaztekiek bizitzako arlo guztietan normaltasun osoz parte hartzeko aukeraz. Nolanahi ere, tradizioaren inguruan aski argigarria da Alberto Gorritiberea filme zuzendariaren gogoeta hau: “Tradizioak nortasun bat ematen du, baina mugitzen ez bada ur geldi bilakatzen da, azkenean lokatzarekin nahastuz. Nire ustez tradizioak mugitzen direnean dira onak, erreka bat bezala mugitzen direnean”. [4]Halaber, begibistakoa da tradizioak ez dituela eskubideak mugatzen ahal; horregatik, baztertutako jende-taldeak, kasu honetan emaztekiek, beren buruaren kontzientzia hartu eta dagozkien eskubideen defentsan plaza berreskuratu nahi badute, eskubide osoa dute plazan sartu eta mutil-dantzetan parte hartzeko, inauteetan egin duten modu berean.  

Akitzeko kazetari honen bertze obsesioetako baten harira, hau da, herrian edozein gauzarekin zatiketa eta haustura bultzatzen ari garenaren harira, mutil-dantzen kontuari buruz Rosa Park eskubide zibilen aldeko ekintzaile beltza ekarriko nioke gogora. 1955. urtean Rosa Parkek zuriei “zegokien” jarlekutik ez zutitzea erabaki zuen bere hiriko autobus batean. Dudarik gabe bere erabakiak haustura eta zatiketa eragin izanen zuen hirian, “berezko” ordenu sozialaren haustura; haserrea eta tentsioa ere bai, nahasmendua eta kalapita. Ez dut irudikatu ere egin nahi gertakari horren berria nola eman izanen zuten Diario de Noticiasen. Nola bururatu ote zitzaion Rosa Parki zurien jarlekuetan zuriekin bat ere solastatu gabe jartzen hastea? Hori baino jarrera inposatzaile eta zatikatzaileagorik!


JOSEBA OTONDO BIKONDOA
ELIZONDO



[1] Diario de Noticias 2011-07-26
 
[2] Diario de Noticias 2011-07-27
[3] Diario de Noticias 2011-07-27
[4] Gorritiberea Alberto, ARGIA 2011-07-31, 2.287 zbkia. 22.or

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina