2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

Kronika:

SOZIALISMOAREN ERAIKUNTZA EUSKAL HERRIAN ETA XXI. MENDEAN
(15. Metaziri-n argitaratutako testua)
 
 
Joan den azaroan Sozialismoaren eraikuntza Euskal Herrian eta XXI. Mendean izeneko solasaldia izan zen Elizondoko Aizkunenean. Solasaldi hau ematerat Sabino Cuadra LAB sindikatuko kidea eta ezkerreko militante  historikoa etorri zen. Ondoko lerrootan hitzaldi horretan errandakoaren laburpena eskaintzen dizuegu.
Sabino Cuadraren solasaldia aspaldi mundu osoan zabaldu zen lelo batekin hasi zen: bertzelako mundu bat posible da. Bertzelako mundu  berri hori zertan oinarritu beharko litzatekeen da gakoa, zeinek izanen liratekeen mundu berri horren zutabeak, ardatzak… honetan guztian sozialismoa aipatzea nahitaezkoa da.

 
Lau puntu garrantzitsu daude kontuan atxiki behar ditugunak sozialismoaren zutabeez solastatzerako orduan:                     
 
1.- Sozilismoa eta jabetza pribatua.
2.- Sozialismoa eta demokrazia.
3.- Sozialismoa eta  natura.
4.- Sozialismoa eta patriarkadua.
1.- SOZILISMOA ETA JABETZA PRIBATUA
Sozialismoa eta jabetza pribatua puntua azaltzerako orduan jakin beharreko datu batzuk aipatzea komeni da, gaur egun mundua nork kontrolatzen duen ikusteko. Izan ere, munduko ehun multinazional nagusiek kontrolatzen dute mundu osoan ekoizten den produkzioaren laurdena; eta finantzaren munduan 100 enpresa horiek kontrolatzen dute inbertsioen erdia.
Estatu Espainolean orain urte bete BBVAko goi mailako zuzendari batek jubilazioa hartu zuen 55 urterekin eta jubilazioarekin batera 70 milioi euro eman zizkioten kalte ordain edo indemnizazio gisa. Zuzendari horren urteroko pentsioa 9 milioi eurokoa den bitartean, munduan urtero 24 mila pertsona gosez hiltzen dira. Sinesgaitza badirudi ere, honen guztiaren zergatia kapitalismoaren baitan dago.
Kapitalismoak 2 zutabe nagusi ditu: bata jabetza pribatua eta bertzea irabazi asmoa. Bi zutabe hauek mugarik gabeko oinarriak dira kapitalismoarendako. Konstituzio espainolak erraterako, jabetza pribatuak funtzio soziala bete behar duela dio, baina ez da horrela gertatzen. Hortaz, egunero milaka pertsona hiltzea bidezkoa da, guztiaren gainetik estatu eta erakunde desberdinek lehenesten dutena jabetza pribatua delako. Jabetza pribatua mugagabea izateagatik gertatzen da gertatzen dena.
Beti erran izan da, guk aldarrikatzen dugun sozialismo horretan ekonomiaren antolakuntza bertze ardatz desberdin baten inguruan kokatu behar dugula, eta ardatz hori jabetza publikoa da. Jabetza publikoa erraterakoan ez dugu erraten Jabetza Publiko hori Estatukoa izanen denik, Jabetza Publikoan Estatuko Jabetza sartzen den gisa berean sartzen baita komunalen jabetza, Udalekoa, baita  Jabetza soziala ere, langileen artean egina edo ekoizle eta kontsumitzaileen artean sortzen diren sare horietan agertzen dena; hori da jabetza publikoa, ez estatala soilik, estatala horren barne egonen litzateke. Herriaren jabetza inporta zaigu, ez jabetza indibiduala. Jabetza indibiduala publikoaren pean egonen da.
Anitzetan aldarrikatzen dugu aberastasuna eta lana banatu behar direla, baina hori egiteko batzuei dutena kendu egin behar zaie, batzuei anitz gainera; desjabetu egin beharko dugu boteretsuek duten jabetza. Aberastasuna banatzeko norbaiti kendu behar baitzaio. Historiak erakusten du boteretsuek desjabetza hori ez dutela modu baketsuan onartuko, boteretsuek beraien esku dauden baliabide guztiak erabiliko dituztelakoz hori gerta ez dadin: Estatua, polizia, giza baliabideak…
2.-  SOZIALISMOA ETA DEMOKRAZIA
 Sozialismoaren puntu hau garatzeko Errusiar Iraultzako sobieten demokrazia adibide aski argigarria da. Leninek eta  marxista guzti-guztiek Estatua ez zela erakunde neutroa erraten zuten, estatuko boterea noren esku zegoen horren araberakoa izanen zela politika.
Herriak boterea hartu bezain laster estatuko boterea desagertzen ere hasi beharko zela zioten. Estatuak zuen boterea gizarterat pasatzen hasi, zeren botere hori lapurketa bat izan zen bere momentuan, gizarteari ebatsitako boterea. Estatuko boterea eta estatua bera desegiten hasi eta gizarteari itzuli botere hori.
Baina zer gertatu zen? Iraultzan eta urte anitzen zehar gizartean sortutako antolakuntza, langileek egina, herritarrek egina… estaturat pasatu zela. Gizartean zegoen antolakuntza poliki-poliki desagertu zen, eta estatuan sartu ziren politiko, sindikalista eta abarrak burokrata bihurtu ziren. Horren ondorioz gizartearen gainean burokrazia agertu zen. Errusian zegoen sozialismo erreal hori erori zelarik, egun batetik bertzerat kapitalista bihurtu ziren. Sozialismo hori edukirik gabeko sistema bat zen, hain ona bazen zergatik ez zen erorketa horren kontra jendea borrokatu? Gizartean antolakuntzarik ez zegoelakoz  eta antolakuntza guzti hori Estatuarekin batera bat egin zelakoz.
Hortaz arras inportantea da demokraziaren kontua eraiki nahi dugun sozialismo horretan, kontua ez baita bakar-bakarrik ekonomia zentralizatua, planifikatua… demokraziarik ez badago sozialismorik ez dago. Demokraziaz solastatzea ez baita bakarrik hauteskundeez solastatzea. Demokrazia leku guztietarat eraman behar da:  lantegietarat, auzoetarat, familietarat, harremanetarat… eta baita noizbehinka hauteskundeetarat ere.
Ez da erran behar gaur dugun demokrazia hemen, demokraziarik eza dela. Ilegalizazioak sortzen direlarik demokraziarik ez dago, eta erabaki guztiak kasakriston, burtsan hartzen direlarik, demokraziarik ez dago. Hemen herriak ez du erabakitzen ahal bihar edo etzi izanen dugun ekonomia egoera. Horrelako erabakirik ez  badira hartzen ahal demokraziarik ez dago, demokrazia ez baita bakar-bakarrik ordezkariak aukeratzeko kontu bat.
Anitzetan gertatzen da, udal hauskundeetarako zerrendak egiterako orduan, edo foru parlamenturako zerrendak egiterako orduan, pertsona onenak ezartzen ditugula horretan eta herri antolakuntza erdi hutsik gelditzen dela, jenderik gabe. Hori akats handia da Estatuak gure antolakuntza, gure jendea… irentsi egiten baititu gisa horretan,  eta gu gelditzen gara kanpoan antolakuntzarik gabe, pertsonarik gabe, instituzioetan gelditzen delakoz jende hori. Kontrakoa egin beharko genuke. Instituzioetan parte hartzea inportantea da, horretan jende baliotsua sartzea, baina batez ere, inportanteena herrigintzan egiten dena da, herri antolakuntzan, gure taldeak gorpuztu, hori da inportanteena.
3.- SOZIALISMOA ETA NATURA
Denok dakigu natura eta baliabideak mugatuak direla, eta dugun erritmoarekin, naturak duen erritmoa gainditzen ari garela erraten ahal da. Natura ez baita ustiatzeko kontu bat, berarekin batera joateko zerbait baizik.
Ekonomilariek erraten digute -sistemako ekonomilariek- krisitik ateratzeko zegoen hazkunde tasa berreskuratu behar dugula, eta gutienez ehuneko hirukoa izan behar duela hazkunde horrek. Baina kontuak ateratzen baditugu konturatzen  gara tasa horrekin segitzen badugu munduko produkzioa bikoiztuko dela: kotxe kopurua bikoiztuko dela, elektrodomestikoen kopurua bikoiztuko dela, nekazaritzan oro har produzitzen dena bikoiztuko dela… gauza guztiak bikoiztuko direla, baina naturan ez dago horrelakorik. Ez dugu planteatzen ahal  irtenbidea tasa hori berreskuratzea denik, kontrakoa baizik. Apustua aberastasunaren banaketan egin behar dugu, ez aberastasunaren hazkundean. Horretan dago arazoa.
Bistakoa da gaur egungo krisia gainprodukzio krisia dela. Gure lantegi, biltoki eta abarrak produktoz beterik daude, enpresek duten produkzio ahalmena gizarteak dituen beharrak betetzekoa baino aise handiago da. Kapitalismoak egiten duena ez baita gizarteak behar duena ekoiztea etekinak ematen dizkion hori ekoizten du. Edonork enpresa bat sortzen badu ez da izanen, “pobrezian bizi den jende anitz dago, beraiendako zerbait egin behar da” ez; pobreek ez baitute erosteko ahalmenik. Enpresa sortu duen horren helburua etekinak lortzea izanen da. Hori dela eta eraiki nahi dugun gizarte horretan beharrezkoa da baloreak arrontean aldatzea.  Orain arte baliabideak eta dirua paratu izan dira kotxe gehiago erosteko, kotxe gehiago fabrikatzeko, elektrodomestiko gehiago fabrikatzeko… hori da aldatu behar duguna. Osasun zentro gehiago, hezkuntza zentro gehiago dira behar ditugunak.  Produkzio gehiago egiteko aurrerapen teknologiko bat aurkitzen badugu, ez dugu erabili behar produkzio gehiago egiteko, ordutegia murrizteko baizik, hobe baita fabriketako laneko erritmoa moteltzea produkzioa handitzea baino.
Erran bezala, gaurko krisia gainprodukzio krisia da, eta ez gara hortik aterako gauza gehiago produzituz. Baloreak erabat aldatu behar ditugu. Mezu hau gizartean sartzea zaila da zeren barruraino dugu kontrako mezua. Urteak eta urteak baitaramatza sistemak kontrakoak erraten: kontsumoan dago zoriontasuna.  
4.- SOZIALISMOA ETA PATRIARKATUA
Laugarren puntu honetan bi gai aztertzea komeni da: bata lana eta bertzea familia. Bi zutabe horietan oinarritzen delakoz emaztekien zapalkuntza. Gaur egungo gizartean lan mota anitz baldin baditugu ere batez ere bi lan mota dira aipatzekoak: bata lan produktikoa eta bertzea erreproduktiboa. Lan produktiboa fabriketan, zerbitzutan egiten dena da. Lan produktibo hori egiteagatik abantaila eta eskubide anitz sortzen dira, lan hori egiteagatik konbenioetan agertzen den soldata jasotzen da, gizarte segurantzan sartuta nago, eta horrekin batera eskubide sozial dexente lortzen dira, langabezian geldituz gero kobratzeko eskubidea,  adin batera ailegatuta erretiroa. Lan hori egiteagatik gizarteak hainbat abantaila, eskubide ematen ditu; eskaxak, baina eskubideak.
Bertze lana egiten badugu, lan erreproduktiboa alegia, ez dugu eskubiderik izanen. Lehenbiziko lana bezain inportantea da lan hau, baina hemendik ez dira eskubideak sortzen, lan hori egiteagatik ez baikara gizarte segurantzan sartzen, soldatarik ez, eta 65 urte betetzera ailegatuta pentsiorik ez. Aipatu bi lan desberdin hauek, bata zein bertzea, arras inportanteak dira gizarteak aitzinerat egiteko, hortaz, bertze gizarte berri bat nahi badugu hori erabat aldatu behar dugu.
Bigarren zutabea familia sistema da. Kasu anitzetan emaztekiek lortzen dituzten eskubideak edo abantailak ez dituzte lortzen pertsonak izateagatik, gizon baten emazte izateagatik baizik. Emazteki batzuk gizarte segurantzako eskubide batzuk senarraren kartillan egoteagatik lortzen dute, alargun pentsioa senarra langilea izan zelakoz lortzen dute, baina emazteki horiek langileak izan dira. Bakar-bakarrik langile izateagatik, etxeko lanak egiteagatik, zaintza lanak egiteagatik… ez dute deus lortzen.
Aipatu bi  ardatz hauen inguruan oinarritzen da gaur egun emaztekien zapalkuntza. Bi kontu horiek aldatzea beharrezkoa da pertsonen arteko harremanak libreagoak izateko, eskubideak pertsona izateagatik edukitzeko, eta ez gizonki baten emaztea izateagatik. Eskubide horiek unibertsalak izan beharko lukete pertsonak izateagatik, adin batera ailegatzeagatik… Berdin langile produktibo izan edo langile erreproduktiboa izan.
SOZIALISMOA ETA EUSKAL HERRIA
Sozialismoa neurri handi batean demokrazia da, erabateko demokrazia, demokrazia sakona. Lortu nahi dugun sozialismo horrek askatasun eta eskubide guztiak betetzen ez baditu, ez dago sozialismorik. Eskubide eta askatasun horien guztien barnean eskubide eta askatasun nazionalak  daude, eta horiek ere ez baditu betetzen sozialismorik ez da egonen.
Orain dela mende bat, irlandar iraultzaile batek, James Connollyk, erraten zuen langileria zela eskubide nazionalak eta  independentzia azken muturreraino eramateko gai zen klase bakarra. Arrazoia sinplea zen: langileek borroka hori egitean ez zuten galtzekorik, kapitalistek eta boteretsuek bai berriz. Josu Jon Imazek erraterako, badu galtzerik, orain Petronorreko zuzendari eta Repsoleko buruzagi inportantea da eta egoera horretan egoteagatik, estatuko boteretsu batzukin harreman estuak ditu eta multinazional anitzekin ere harreman estuak ditu; horregatik ez dago independentzia lortzean interesatua, nahiz noizbehinka –Aberri Egun batean- erran independentziaren aldekoa dela.  Errealitatean bere interesak eta langileenak, herritarrenak, bide desberdinetatik doaz, hortaz, independentziaren aldekoagoak dira herritarrak, langileak, boteretsuak baino.
Historian zehar herri batzuetan egin diren iraultzak eta eraiki den sozialismoa ikusten badugu, ohartuko gara erabilitako bideak desberdinak izan direla: Errusian, Txinatan, Kuban… herri bakoitzean bide propioa egin zuten. Euskal Herrian ere gure lana da gure bide propioa aurkitzea. Sozialismoa da gure helburua, hori lortzeko herriz herriko politika egin behar da, bide propioa aurkitu behar dugu, gure ezaugarrietan oinarrituta, Errusian, Txinan eta Kuban egin zen bezala. Ikasi behar dugu Hego Amerikan egiten ari direnaz, baina batez ere irakaspen horiek bereganatu ondoren, gureak eraiki behar ditugu. Gure bide hori irekitzeko parametro espezifikoak ditugu Euskal Herrian, batzuk abantailak, bertze batzuk ez hainbertze.
Gure kasuan aipagarria den ezaugarrietako bat bortz mendetako zapalkuntza jasan dugula eta jasaten ari garela da. Eskarmentu handiko herria da gurea, eta garbi dugu elkartasunezko harremanak izateko lehenik gutienez independentzia behar dugula. Bortz mendetako zapalkuntza hori jasan ondoren baieztatzen ahal dugu independentzia dela bide bakarra, kapitalismoak eta historiak kendu dizkiguten gauza horiek guztiak berreskuratzeko: herri boterea, ohitura desberdinak, produkzioa antolatzeko ohitura desberdinak… gure parametro desberdinen artean agertzen dira  bi estatutan banatuak izatea, tamalez zailtasun handiagoak jartzen dizkigu horrek, planteamendu amankomun bat egiteko… guk ere baditugu tradiziozko erakundeak eta ohiturak, erdi galduak daudenak, agian txiki xamar izan daitezkeenak, baina inportanteak: batzarreak, auzolanak… zabal daitezke gizartera horrelako ohiturak, ekonomia eta gauza anitz modu desberdin batez antolatzeko. Denon arteko kontua da, pentsatzea gure bide propio hori nondik eraman, zer aprobetxatu, zer indartu, zer baztertu… hau dena gure lana da, ez bertzeena.
Gure politika bi aldeetako politika da: aldaketa soziala eta askapen nazionala. Bi alde horietarat jo behar dugu gure proiektua aitzinerat ateratzeko, gizarte berri bat lortzeko.
 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina